Nafarroako Gobernuak baieztatu duenez, gaur eguerdian Auñamendi mendiaren inguruan aurkitu dituzten bi gorpuak asteartean desagertu ziren Portugaleteko bi mendizaleenak dira. Frantziako Poliziaren helikoptero batetik ikusi dituzte gorpuak eguerdian, eta bila joan direnean baieztatu dituzte nortasunak. 37 eta 40 urte zituzten.
Hasiera batean amilduta hil direla esan duen arren, ezetz zehaztu du ondoren Nafarroako Gobernuak. Gorpuetan ez dago istripu zantzurik. Beste bi helikopteroren laguntzarekin gorpuak hartu eta Ernazko lepoan dagoen aparkalekura eraman dituzte. Handik autopsia egitera eraman dituzte gero.
Asteartean Izaban desagertu ziren bi mendizaleak. Euren autoa Erlazko aparkalekuan aurkitu zuten atzo. Orduan hasi ziren bila, eta gaur Auñamendi inguruan aritu dira bila. Bikoteak Izaban ostatu hartu zuen landa turismoko etxean esan zuenez, ibilbide bat egitera joatekoak ziren Belagoa ingurura.
Nafarroako Gobernuaren, Frantziako Poliziaren eta Guardia Zibilaren lau helikopterok hartu dute parte erreskatean, eta horiekin batera foruzainak, suhiltzaileak eta Gurutzeko Gorrikoak ere aritu dira bila, baita erreskateak egiteko txakur talde bat ere.
Landa turismoko etxeko jabeek eman zuten alarma, mendizaleak ez zirela agertzen ikusita. Asteazkenean ziren etxera itzultzekoak. Agian asteartean izan zen ekaitzak eta behe-lainoak harrapatu zituela ohartarazi dute; harrezkero eguraldi txarra egin du inguru horretan.
Erreskatea atzo jarri zen abian, eta gauean iluntasunagatik eten behar izan badute ere, talde bat badaezpada guardian izan da seinalerik ikusten ote zuten zain. Eguraldiak gaur hobera egin duenez, bilaketa erraztu du horrek, batez ere, helikopteroetatik.