Portugaleteko 8 eta 17 urteko gaztez osatutako udaleku bati harriz eraso diote Kantabriako Soba ibarrean joan den asteburuan. El Diario Montañes-ek jaso duenez, larunbat gauean Ama Lur Eskautak udalekuetako 35 gaztez osatutako taldea "harri-jasa" batek esnatu zuela kontatu du Nagore Trinidad begiraleak.
"Erasotzaileak ez ziren nekatzen", eta "amaigabeko 25 minutuan" harrika jardun zirela azpimarratu du Trinidadek. Ez hori bakarrik, haurrak zeudela eta geratzeko eskatutakoan, erasotzaileek haurrak ere harrikatuko zituztela oihukatu zutela nabarmendu du begiraleak. Berehala jarri zuten salaketa Guardia Zibilaren kuartelean, eta haur guztiekin batera La Gandarako ostatu batera joan ziren, "babesera". "Inork ez zuen minik hartu, baina izuturik geunden; eraso hura errepikatu zitekeelako beldurrez, etxera itzultzea erabaki genuen".
Janaria biltzeko erabiltzen zuten denda bat eta begiraleen autoetako bat kaltetu dituzte harriek —Guardia Zibilak bi kilo arteko harriak topatu ditu erasoaren lekuan—. Susmo guztien arabera, tokiko hainbat gaztek osatutako talde bat izan daiteke erasoaren erantzulea. Izan ere, "askotan sartu dira borroka auzietan", bertako bizilagun batek jakinarazi duenez.
Portugaleteko Udala akusazio partikular
Mikel Torres Portugaleteko alkateak gogor kritikatu du gertatutakoa, eta Potugaleteko Udala akusazio partikularra izango dela iragarri du.
Ohar baten bidez, erasoa gazte batzuen "gaiztakeria" dela pentsatzea "oker larria" dela adierazi du, eta "biolentziarekin, min egiteko asmoz" egin zela. Hori dela eta, "jazarpen publikoa" egiteagatik akusazio partikular gisa aurkeztuko dela iragarri du, "basakeria hau argitu dadin, erasotzaileak nor diren jakin dadin eta legea oso-osorik ezar dadin".