Indarkeria matxista

Portugaleteko Mugimendu Feministak elkarretaratzera deitu du iganderako, Abasoloren fitxaketaren harira

Salatu nahi dute Portugaleteko futbol taldeak Paul Abasolo fitxatu duela, sexu erasoak egiteagatik zigortu eta indultatutako jokalaria. Igandean egingo dute protesta, 17:45ean, La Florida futbol zelaian.

Herriko futbol taldeak Paul Abasolo fitxatu izana salatu du Portugaleteko mugimendu feministak. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS
2016ko abuztuaren 11
15:55
Entzun

Hiru emakumeri sexu erasoak egiteagatik zigortutako gizon bat fitxatu du Portugaleteko (Bizkaia) futbol taldeak: Paul Abasolo. Portugaleteko Mugimendu Feministak horren kontra protesta egitera deitu ditu herritarrak abuztuaren 14an, 17:45ean, La Florida futbol zelaian. Herritarrak morez jantzita eta “zarata egiten duen zerbaitekin” joatea eskatu dute. Abasolo sexu erasoengatik zigortu zuten, eta ondoren indultatu, 2011n.

Portugaleteko futbol klubak, ohar baten bidez, adierazi du Abasolok betea duela justiziak ezarritako kondena. Baina feministek prentsaurrekoan adierazi dute ezin dela halakorik esan, baizik eta “indultatua” izan dela, “onura politiko bat” jasota. Gainera, esan dutenez, “ezin da erasotzaile sexual baten errehabilitazioaz hitz egin, ez baitu damurik erakutsi egun dituen delituengatik”. Era berean, “ekintza demagogikotzat” jo dute jokalaria desabantaila sozial batean dagoela esatea, “asko direlako desabantaila sozial horretatik urrun dagoela dioten adierazleak”. Garazi Tobar Portugaleteko Mugimendu Feministako kideak salatu duenez, klubak "ez du ezer jakin nahi feministekin”.

Feministek beren ekimena “ez politizatzeko” eskatu dute. Azaldu dutenez, alderdi politiko baten bidez egitea da Portugaleten eskaera sozial bat osoko bilkurara eramateko bide bakarra. Hori dela eta, mozioa EH Bilduko zinegotziak defendatu zuen, Portugaleteko Mugimendu Feministari ez ziotelako horretarako “inolako aukerarik eman”. Ekainaren 30ean, udaleko osoko bilkuran, PSE-EEk, EAJk eta PPk osatutako gehiengoak atzera bota zuen EH Bilduk aurkeztutako mozioa. Esna Gaitezen taldeak bakarrik babestu zuen. Hala ere, udal talde guztiek fitxaketen irizpideen inguruko "gogoeta sakona" galdegin zioten klubari.

Abasolok hiru urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorra jaso zuen 2010ean, 2006an eta 2007an Gernika-Lumon (Bizkaia) gertatu ziren hiru sexu-abusu delitugatik. Espainiako Gobernuak indultu partziala eman zion —ez da ohikoa sexu erasotzaileekin—, Rodriguez Zapateroren azken ministro kontseiluan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.