Gaur hasi dira Andoni Zengotitabengoa ustezko etakidea epaitzen Portugalen, eta Fiskaltzak ETArentzat lehergailuak egitea leporatu dio. Fiskaltzaren arabera, erakunde armatua 2007an hasi zen Portugalen logistika prestatzen.
Polizia iturrien arabera, Andoni Zengotitabengoa 2008tik aurrera bizi izan zen Portugalen, eta Obidos herriko etxe batean mila kilo lehergai baino gehiago izan zituen ezkutatuta. Materiala 2010eko otsailean aurkitu zuen Poliziak, eta hura 2010eko martxoan atxilotu zuten, Lisboako aireportuan.
Portugalgo Justiziak Andoni Zengotitabengoa Espainiaratzea erabaki zuen iazko apirilean, baina estraditatu aurretik herrialdean epaitzea. Bihar izango da epaiketako beste saioa.