Naiara Arri. Trantsizio mugimenduaren ikerlaria

«Posible da bizitzen segitzea petrolioaren mendekotasuna desagertuta ere»

Petrolioarekiko mendekotasuna atzean uztea eta bestelako gizarte baterantz pausoak ematea proposatzen du trantsizio mugimenduak. Arriren ustez, «ez da ehun urte atzera egitea», aurrera egitea baizik.

joxerra senar
Iruñea
2011ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Hasi dira Iruñean Udako Euskal Unibertsitatearen ikastaroak, eta horietako bat ematen dihardu Naiara Arri (Sopela, 1984). Zientzia Politikoetako lizentziaduna da, eta trantsizio mugimenduak aztertu ditu azkenaldian. Petrolioaren mendekotasunetik haragoko gizarte bateranzko urratsak egitea proposatzen du mugimenduak.

Azken ehun urteetako ekonomia garapen handia petrolio merke batean oinarritu da. Hori amaitzear al da?

Esan ohi da petrolioaren aurkikuntzaren gailurrera heltzen zarenetik petrolioaren ustiakuntzaren gailurrera heldu arte 40 urte joaten direla asko jota. Munduan, 70eko hamarkada inguru horretan heldu bazen petrolio aurkikuntza gailurrera, inork baieztatzen ez badu ere, ustiakuntzaren gailurrera ere heldu gara. Produkzioa maldan beheran dago.

Beraz, gaur egun, ekoizten dena baino petrolio gehiago kontsumitzen den munduan al gaude?

Ekonomian eta gizartean jada ikusten da nolabaiteko blokeo batean gaudela eta horregatik gertatzen direla gertatzen direnak. Erantzuteko bi modu daude. Olatua berdin-berdin datorkigu. Surflariak bagina, olatuak har gaitzake edo guk har dezakegu olatua. Trantsizioak proposatzen du olatua hartzea eta guk izatea kontrola, olatu horren barruan gaudela jabetzea.

Zer da trantsizio mugimendua?

Oso-oso zabala da. Gure harreman denak (kontsumo modua, ekonomia eredua, nekazaritza…) petrolio kontsumo horretan oinarrituta daude. Dena den, mendekotasun hori desagertuta ere posible da bizitzen jarraitzea, baina beste modu batera. Trantsizio mugimenduak proposatzen du lokalismora itzultzea, lokalismo mailako harremanak berrindartzea. Ez da atzera buelta bat, aurrera egiteko modu bat baizik. Ez da duela ehun urteko bizitzara itzultzea, adibidez.

Petrolioaren eskasiak globalizazioaren eredua hauts dezake, hortaz.

Globalizazioaren trantsizio bat gertatzea beharko genuke. Horrelako ekimenak ere izaten dira. Globalizazioarekin batera kontraglobalizazio bat gertatu da. Kontraglobalizazio horren parte bat mugimendu hau litzateke.

Petrolioaren mendekotasuna dugula badaki gizarteak, baina jabetzen al gara mendekotasun horren sakontasunaz?

Ez dut uste. Komunikabideetatik oso mezu nahasgarriak heltzen zaizkigu. Berri batean irakur dezakegu petrolioaren amaiera datorrela, eta, ondoko orrialdean, azken telefonoa agertzen da, kontsumitzeko behar horretara deituz… Telefono hori, gainera, ziurrenik petrolioz eginda dago. Kontziente gara, baina normaltasunaren parte bilakatu dugu, eta gauzek aldatu behar dutela aitortzeak beldurra ematen digu.

Zer adibide jarriko zenituzke interesgarritzat?

Ingalaterran, Devon aldean, Totnes herria dago. Totnes izan da trantsizio herri esperimentala, eta horren ostean beste herri asko etorri dira. Nolabait zigilu bat jarri dute. Horietako askok bazuten oinarri bat harremanetan, bizitzeko eran... Londres gisako hiri batean ere auzo mailan izaten dira trantsizio ekimenak. Ni orain han bizi naiz, eta inguruan badira hainbat baserri komunitario eta publiko. Edozein herritar joan daiteke. Ekimenok mugatuak dira, kontraesanez beteak; alde batetik, hori duzulako, eta, bestetik, Europako gune ekonomiko boteretsua aurrez aurre duzulako, baina kontraesan horien barruan jokatu behar da.

Eta Euskal Herrian?

Gasteizen badago Transicion proiektua Alde Zaharrean. Gero ikusten dira herri txiki askok badituztela harreman horiek eratuta eta badutela ahalmen handia.

Dena den, aldaketa ez da elikagaietan soilik gertatu.

Zabalagoa da. Non bizi garen, zer jaten dugun, nola pasatzen dugun denbora, zenbat lan egiten dugun, zertan erabiltzen dugun denbora. Denboraren erabilera oso garrantzitsua da.

Gizarteratzeko beharra dagoela azaldu duzu. Lan asko dago egiteko?

Bai, adibidez, Euskal Herrian AHTa eraikitzen jarraitzen dute. Hain justu, kontrako norantzan goazen sentsazioa ematen dit askotan. Orduan, hor momentu batez gelditu, pentsatu, hausnartu eta berriz ekin beharko genuke. Kontrakoa gertatzen da. Gelditzea gaizki hartzen da. Dena da azkarra.

Eraginkortasun energetikoari zer garrantzia ematen diozu?

Aldatu egin behar ditugu kontsumitzeko erak orokorrean: elikagaiak kontsumitzeko era, energiaren erabilera… Batik bat, sormena izanda pentsatu behar dira bide berriak; ez da izan behar prozesu traumatiko bat zeinetan galtzaile izan ahal garen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.