Positibo tasa ia %9ra igo da Hego Euskal Herrian

721 kasu atzeman dituzte denera, bezperan baino gutxiago, baina egindako test kopurua ere nabarmen apalagoa izan da. Zupiriak errepikatu du Jaurlaritza prest dagoela neurriak zorrotzeko, adituak hala gomendatuz gero.

Txertaketa, Bilboko La Casillan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
2021eko apirilaren 2a
14:39
Entzun

Positibo tasak gorakada izugarria izan du Hego Euskal Herrian. Eusko Jaurlaritzak eguneratu ditu koronabirusaren gaineko datuak, eta, albiste hau idaztean, Nafarroako Gobernuak behin-behineko datuak besterik ez zituen argitaratuak artean. Dena dela, nahikoa da egoeraren larriaz jabetzeko. 8.075 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo —bezperan baino 4.000 gutxiago—, eta horietan 721k eman dute positibo. Positiboen ehunekoa bi puntu eta erdi handitu da egun batetik bestera.

Bizkaian atzeman dute kasu gehien: 264; Gipuzkoan, 207 detektatu dituzte; Nafarroan, 154; eta Araban, 92. Gaur ere ez dute Ipar Euskal Herriko daturik eman.

Oraingoz, soilik Osakidetzak eguneratu du ospitaleetako informazioa, eta ez osorik, jaiegunetan ez duelako txostenik argitaratzen. Azken egunean, beste 46 lagun ospitaleratu dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan COVID-19ak jota. Egun, 91 paziente daude lurralde horietako zainketa intentsiboetako unitateetan; azken bi asteetan izandako kopururik larriena da hori.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi du oso litekeena dela datuek okerrera egitea datozen egunetan ere, eta errepikatu du gobernua prest dagoela neurri murriztaile gehiago hartzeko, Iñigo Urkullu lehendakariak atzo esan zuen moduan. Athleticeko eta Realeko zaleek taldeak agurtzean erakutsi duten jarreraren inguruan, esan du horrelako jende pilaketak «lekuz kanpo» daudela, eta ertzainek hainbat isun jarri zizkietela Lezaman (Bizkaia) elkartutako zaleei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.