Espainiako Osasun Ministerioak emandako azken datuen arabera, COVID-19 gaitzak 1.108 hildako eragin ditu Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Koronabirusak eragindako hildako kopuruaren hazkundea nabarmena da: 38 pertsona gehiago zendu dira atzotik Hego Euskal Herrian. Nafarroakoa da kasurik nabarmenena, egun batetik bestera hamar pertsona hil baitira COVID-19 gaixotasunak jota. Apirilaren 7tik erregistratutako igoerarik handiena da Nafarroan.
Positiboen hazkundeari buruzko datuek, berriz, apaltzeko zantzuak azaleratu dituzte. Hego Euskal Herrian, 15.376 kasu diagnostikatu dituzte, atzo baino 324 gehiago. Horietatik, 594 ZIUn daude, eta 5.923ri sendagiria eman diete ospitalean. Azken egunotako positibo igoerarik apalena da, Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arabera.
Murga: "Tentu handiz bada ere, hobekuntza nabari da"
Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Nekane Murgak adierazi du datuok "hobekuntza bat" erakusten dutela, "tentu handiz bada ere". Ezin liteke baztertu, hala ere, kutsatzeen goraldi bat izatea: "Gauden egoeran, aurrikuspenak egitea arriskutsua da. Nolanahi ere, azken datuei erreparatuta, badirudi Euskadi ordoki batean sartu dela, kasuen goranzko joera hautsita, betiere datozen egunotako bilakaeraren zain".
Izurriari aurre egiteko planak "ongi samar" funtzionatu duela gaineratu du Jaurlaritzako eledun Josu Erkorekak. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa "bigarren fasean" daudela gaineratu du, jaurlaritzaren gobernu kontseiluaren ondoren emaniko prentsaurrekoan. Kutsatu eta hildakoen kurbaren egunez eguneko gorabeheretatik harago, aste osoan "joera positiboa" pilatu dela gaineratu du.
Indurain: "Martxoko egoeratik urrun gaude"
Datuen irakurketa positiboa egin du Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari Santos Indurainek. Haren arabera, birusaren detekzio eta prebentzio neurriak "fruituak ematen ari dira", eta hori positibo berrien hazkunde apalagoan antzeman daiteke: "Duela hilabete, handia zen osasun alorreko presio egoera. Gaur egun, urrun gaude horretatik. Atzotik, 58 positibo berri antzeman ditugu, eta %1,42ko igoera da hori, igoera txikiena, krisia hasi zenetik".
Hala ere, Indurainek gaineratu du "ezinbestekoa" izanen dela datozen egunetan ere "arretari, prebentzioari eta kautelari eustea", langileak beharrera itzultzearekin batera, kutsatu berriak azaleratu daitezkeelako. "Jokoan dugu gaitzaren goraldi berri bat".
Kontseilariak azaldu duenez, 555 berehalako test egin dituzte egunotan, batez ere, Iruñeko zahar etxeetan eta lehen arreta zerbitzuetan. Detekzioa zorrozteak, ordea, positibo berrien gorakada eragin dezakeela ohartarazi du Indurainek: "Koronabirus kasu berrien gorakada horrek isla izanen du estatistiketan, baina ez du eraginik izanen osasun zerbitzuen jardunean".