Azken 24 orduetan Hego Euskal Herrian atzemandako koronabirus kasuen kopuruak gora egin du berriz ere. 978 pertsonak eman dute positibo COVID-19 gaitza atzemateko frogetan: bezperan baino 102 kasu gehiago dira horiek. Denera 12.682 PCR test egin ziren atzo, bezperan baino 1.206 gehiago.
Lau lurraldeetan egin dute gora atzemandako positiboen kasuek, eta Bizkaiak izan du igoerarik handiena. Beste 359 kasu atzeman dira lurralde horretan, bezperan baino 51 gehiago; Araban, bestalde, 119 pertsonak eman dute positibo frogetan, 24 ordu lehenago baino 49 gehiagok; Gipuzkoan, berriz, beste 191 kasu izan dira: bezperako datuekin alderatuta, sei pertsona gehiagok eman dute positibo; Nafarroan, 308 kasuren berri eman du Osasun Sailak, bezperan baino sei gehiago. Azken egunetan Nafarroan atzemandako kasu kopuruak kezka sortu du, eta egunero 300 kasutik gora atzematen ari dira, azken egunetan joera apaldu bada ere.
Ospitaleetan ere gora egin du gaixoen kopuruak. COVID-19aren ondorioz 158 pertsona ospitaleratu behar izan zituzten Osakidetzako eta Osasunbideko zentroetan, eta, gaur-gaurkoz, 66 pertsona daude ZIUetan.