Powell bihar helduko da, hainbat eragilerekin bilerak egiteko

Lokarrik behin-behinean bertan behera utzi du "prozesua bultzatzeko" bihar egitekoak ziren topaketa, egiaztatzaileek Auzitegi Nazionalean deklaratu izanak giroa "arrarotu" duelakoan. Powell Aieteko Adierazpenaren sustatzaileetako bat izana da, eta Jaurlaritzarekin bilduko da, besteak beste.

Powell, 2012ko azaroan, Aieten. JUAN CARLOS RUIZ, ARP
2014ko otsailaren 25a
08:09
Entzun

Bihar ziren egitekoak bake prozesuari bultzada emateko topaketak, baina Lokarrik bertan behera utzi zuen atzo ekitaldia, argudiatuta ez zela "une egokia", Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko kideek igandean Auzitegi Nazionalean deklaratu ostean.

Jonathan Powell Erresuma Batuko kabineteko buru ohia, ordea, Euskal Herrian izango da bihar, eragile politiko eta sozial ugarirekin bilerak egiteko asmoz. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak ez du baieztatu Powell etortzekoa denik, baina azaldu du etorriz gero harekin bilduko dela Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria.

Jaurlaritzaren gobernu kontseiluaren ostean mintzatu da Erkoreka. "Engaiatutako urratsetan" aurrera egiteko eskatu dio ETAri, eta uste du egiaztatzaileak "orain arteko intentsitate eta konpromisoarekin" lanean jarraitzeko prest daudela.

Ram Manikkalingam, Ronnie Kasrils eta Chris Maccabe Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko kideek Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Ismael Morenoren aurrean deklaratu zuten igandean, ETAren desarmatzearen inguruan azalpenak emateko. Madrilen izan zen Urkullu, egiaztatzaileei babesa adierazteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.