Pozez jaso dute Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren erabakia Karlos Apeztegia preso ohiak, Garbiñe Biurrun magistratuak eta Nagoren Lopez de Luzuriaga Etxerat elkarteko kideak. Pozez, baina zuhurtziaz. Izan ere, berria jaso eta berehala mahai gaineratu zuten herritar askoren buruan zegoen galdera: zein jarrera hartuko du Espainiako Gobernuak? Zein zirrikitu uzten ditu Estrasburgoren epaiak "ingeniaritza juridikorako?". Horiek eta aurrera begirako beste hainbat gai jorratu zituzten BERRIAk antolatutako mahai inguruan.
Zuzenean jaso zuten berria gidari lanetan aritu zen Iñaki Petxarroman BERRIAko kazetariaren ahotik. Epaiaren berri izan aurretik, ordea, argi esan zuen Apeztegiak: "Zenbaitentzat berandu da. 28, 29, 30 urte beteta dauzkate". Apeztegiari ez zioten ezarri 197/2006 doktrina, eta joan den maiatzean irten zen kalera, 21 urteren ondoren. Doktrina hori "astakeria juridikoa" izan dela uste du, eta batez ere "mendekua" izan duela helburu: "Mingarria zait ni aske egon eta haiek barruan egotea". Haren hitzetan, "euskal gizartearen garaipena" izan da Estrasburgoren erabakia.
Lopez de Luzuriagak ere gertutik ezagutzen du auzia. Bi senide ditu preso doktrina horren ondorioz. Haren izeba Gotzone Lopez de Luzuriagari, esaterako, kalera irten behar zuen egunean bertan jakinarazi zioten zigorra luzatu ziotela. "Presoak baditu ametsak kalean biziko duenarekin, baina guk ere bai". Biurrun ere ados dago auzi horretan "maltzurkeria juridikoa" erabili dela, eta uste du doktrina horrek bertan behera geratu behar duela: "Gaur bertan, betiko".
Justiziaren pedagogia
PPren gobernuak hartuko duen jarrera eta gatazkaren konponbidean erabakiak izan dezakeen eragina ere aztergai izan zituzten mahai inguruan. Biurrunen esanetan, Espainiako Gobernuak onartu behar luke hanka sartu duela eta ez dagoela "lasterbiderik terrorismoaren aurka": "Hori da Espainiako gizarteari egin diezaiokeen mesederik handiena". Hor badago, ordea, traba egiten duen "munstro" bat, Apeztegiaren hitzetan, "gobernuak berak sortu duena, eta batzuetan bizi propioa hartzen duena". ETAren zenbait biktimari eman dieten garrantziaz ari zen, besteak beste. "Mendekua nahi dute, ez justizia. Beraiek sortu dute arazoa, eta zartakoa jaso dute orain. Baina hori euren arazoa da". "Pedagogia egitea" da Biurrunek ikusten duen irtenbidea; hau da, ETAren biktimei babesa ematea baina "muga batzuk" ere badituztela jakinaraztea.
Lopez de Luzuriagak eta Apeztegiak gogora ekarri zuten badaudela beste neurri batzuk ere presoen giza eskubideak urratzen dituztenak; sakabanaketa edo Herrira-ren aurkako operazioa adibide jarrita. "Bultzada bat da bake prozesuarentzat", esan zuen Etxerat-eko kideak: "Bake justu batera helduko bagara, giza eskubideen urraketak ezin dira existitu. Eta oraindik asko falta dira". Apeztegiak ohartarazi zuenez, gizartearen arazoa da presoen auzia, eta ez soilik sektore politiko batena. "Indarkeria bertan behera utzi behar dute. Orduan ekin ahal izango zaio bide politikoari".
Erabakiak "zuzenbide estatu" deritzana zein lekutan uzten duen ere aztertu zuten, eta ez ziren bat etorri magistratua eta preso ohia. Biurrunen hitzetan, "zilegitasun osoa" du zuzenbide estatuak "ETAren terrorismoaren aurka" egiteko, eta hori ez dago zalantzan, "hanka sartze handiak" egin diren arren. Apeztegiaren iritziz, 197/2006 doktrinarekin gertatu denak erakusten du Espainian ez dagoela halakorik: "Bost epaileren bulegotan egon naiz, eta han ez zegoen justizia arrastorik. Erabakia aurrez hartua zegoela sentitu nuen".
Bukatzeko, presoak eta senideak izan zituen gogoan Lopez de Luzuriagak: "Zorionak urte hauetan guztietan egindako lanagatik. Lanean jarraitu behar da giza eskubideen alde".