Arratsaldeko manifestazioa hasi aurreko ekitaldietan harrapatu ditu gerturatzearen berriak Begoña Atxa eta Joseba Azkarraga Sareko bozeramaileak. Berri ona dela nabarmendu dute. "Egiten den urratsik txikiena ere beti positiboa izaten da", esan du Atxak. Gainera, bide berari lotzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari ere.
Ez dira haiek izan gaiaz hitz egin duten bakarrak. Radio Euskadin astero egiten duten tertulian balorazio baikorra egin dute EAJko, EH Bilduko, PSE-EEko eta Ahal Dugu-ko kideek ere.
Joseba Egibar jeltzaleak esan du urrats baikorra dela "espetxe politika humanizatzeko bidean". Eta gaineratu du nahi lukeela Frantziak egindako mugimenduek Espainiako Gobernua mugiaraztea.
Iker Casanovak azpimarratu du gizarte zibilak lan handia egin duela, eta Frantziarekin bitartekaritzan aritu direnen lana txalotu du. Haiek egindakoaren emaitza da gerturatzea, haren ustez.
Tinixara Guanche Ahal Dugu-ko kideak ere ontzat eman du berria, eta esan du "pena" ematen diola ikusteak Espainiak ez diola bide berari jarraitzen.
Jose Antonio Pastor PSE-EEko kideak ere esan du "neurri baikorra" dela. Gogora ekarri du Espainiako legedian ere halako interpretazioak egiteko "tartea" badagoela, eta azpimarratu du Espainian ere gisa bereko urratsak egiten has daitekeela, zuzenbide estatua errespetatuta.
Laura Garrido PPko bozeramaileak, berriz, ohartarazi du berria "zuhurtzia handiz" hartu behar dela, eta nabarmendu du banakako eskaerei erantzungo diela Frantziak, ez kolektiboarenei.