PP, PSE-EE eta EAJ bilduta, «Batasuna menditik jaitsi» nahi du Basagoitik

HNTri erantzunez, Ezker abertzaleak esan du guztiz prest dagoela «elkarrizketa dinamika hasteko»

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2012ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
ETAren amaieraren harira, PPk, PSE-EEk eta EAJk elkarrekin jardutea nahi du Antonio Basagoiti PPko EAEko presidenteak. Lidergoa beren esku izatea nahi du; «ez dadila Batasunaren esku egon». Hori dela eta, elkarlana eskainiko die PSEri eta EAJri, «Batasuna menditik jaitsarazteko».

Basagoitik dio ETA amaitzea daukala helburutzat. Horretarako, «Batasunarekin orain arte bezain zorrotzak izatea» da gakoa, haren ustez. «Batzuek diote Batasunera hurbiltzeko mendira igo behar dela eta harekin egon. Kontrakoa proposatzen dut nik: guk esan diezaiogun, behean egonda, jaitsi dadila».

Laster egingo die elkarlanerako proposamena Basagoitik PSEri eta EAJri, Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuarekin bildu ondoren. Datorren astean bilduko da Raxoi PPk EAEn duen buruarekin Moncloako jauregian, aurrez Patxi Lopez lehendakariarekin eta Iñigo Urkullu EAJko buruarekin egin bezala. Hain zuzen, Raxoirekin bildu diren guztiek Espainiako gobernuburuari egin dizkioten proposamenak bilduta, txosten bat egingo du Basagoitik berak, eta Lopezi eta Urkulluri igorriko die. ETAren amaieraren aurrean hiru alderdiek «jarrera bateratua» izan dezaten lortzeko oinarria izango da txosten hori.

Oraindik Raxoirekin egin beharreko bilera egin gabe duen arren, Basagoitik argi ditu txostenean bilduko dituen hiru ardatz nagusiak. «Terrorismoa deslegitimatzea» izango da lehen oinarria; «argi gera dadila ETAk mina eragiteko besterik ez duela balio izan». Instituzioen balioa goraipatzea izango da PPk proposatuko duen bigarren ardatza. Hirugarrena, ETAren biktimen «errekonozimendu moral eta politikoa».

Espetxe politikari buruz, PPk ez duela «gauza arrarorik» egingo adierazi du Basagoitik. «Ekin behar bazaio, buru argiz, aurrera begirako ikuspegiarekin, lege barruan eta gizarteratzea sus-tatuta baina diskrezioz ekingo dio».

Harreman taldearen eskaera

ETA amaituta egin beharrekoari buruz mintzatu da ezker abertzalea ere, baina oso bestela. Elkarrizketa aldarrikatu du; guztien arteko elkarrizketa. Harremanetarako Nazioarteko Taldeak horixe eskatu izana egoki iruditu zaio, eta, Maribi Ugartebururen hitzetan, ezker abertzalea guztiz prest dago «gainerako alderdi guztiekin elkarrizketa dinamika hasteko». Gainerakoek ere prestasun hori izango duten esperantza azaldu du, gainera; «hori delako konponbidea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.