«PP xantaia politikoa egiteko erabiltzen ari da sakabanaketa»

PSOEren «babesa» eta EAJren «isiltasun kezkagarria» salatu ditu ezker abertzaleak, ohar baten bidez

Erredakzioa
2012ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Mikel Egibar presoaren senitartekoek izan duten istripu larria Espetxe politikoaren ondorio zuzentzat jo du ezker abertzaleak. Istripua izan duten senideei «elkartasunik beroena» adieraziondoren, istripu hori ez dela kasualitatea izan nabarmendu du ezker abertzaleak, atzo kaleratutako prentsa ohar baten bidez. «Astebururo Espainia zein Frantziako errepideak zeharkatuz 600 bidaia baino gehiago egiten dira, asko eta asko ehunka kilometrokoak, eta baldintza horietan ezin da kasualitateaz hitz egin». Orain arte sakabanaketa politikak hainbat herritarren heriotza eragin duela gogorarazi du ezker abertzaleak. Aurrerantzean zauritu larriak eta hildakoak eragiten jarrai dezakeela ohartarazi du. «Denbora kontua da, denon artean ez badugu eragozten».

Horregatik, ezker abertzaleak nabarmendu du egungo espetxe politikak amaitu egin behar duela, «behin betiko eta baldintzarik gabe». Ezker abertzalearen iritziz, «preso guztiek jaioterritik hurbilen dagoen espetxean egoteko eskubidea dute, baina PP,PSOEren babesarekin eta EAJren isiltasun kezkagarriarekin, xantaia politikorako tresna gisa erabiltzen ari da sakabanaketa».

Halaber, sakabanaketa «espetxe politika krudelaren» atal bakarra ez dela gogorarazi du ezker abertzaleak. «Preso gaixoei legez dagokien laguntza ez ematea da beste erabaki politiko bat, presoak estu hartzeko eta mendeku moduan erabiltzeko».

LABen eskaera

LAB sindikatuaren iritziz ere, Egibarren familiak izan duen istripua «ez da ezbehar hutsa, baizik eta bulegoetan diseinatutako euskal preso politikoen kontrako mendeku politika argi baten ondorio larria».

LAB sindikatuak gogora ekarri du euskal gizarteak behin baino gehiagotan aldarrikatu duela presoen kontrako politika errepresiboen amaiera: bizi osorako zigorrak, gaixotasun larriak dituzten presoak espetxean edukitzeko erabakia eta sakabanaketa politika. LABen ustez, «preso politikoen kontrako mendeku politikak indarrean egotea PPren gobernuaren itxikeriaren isla argia da». Salbuespen egoera amaitu eta pausoak emateko garaia dela nabarmendu du LABek. «Ordua da estatu biek aldarrikapen horiek entzun eta behingoz urratsak egin ditzaten».

LAB sindikatuak Espainiako Gobernuari exijitu dio sakabanaketa eta salbuespen neurri guztiak amaitzeko. «Errezeta zaharretan tematurik jarraitzea, blokeo egoeran jarraitzea ez da onuragarria, inorentzat ere ez. Josu Uribetxeberria presoak esan bezala, gorrotoa eta krudeltasuna mugara arte eramateak ez du ezer konpontzen; sufrikarioa areagotzea ez da bidea». Eusko Jaurlaritzari eskatu dio euskal herritarren aldarrikapenak bere egiteko, senideei jazarri ordez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.