Gizartea

PPk atzera botako du Kongresuan aseguru etxeek hiesdunak ez diskriminatzeko legez besteko proposamena

Aho batez onartu zuen Nafarroako Parlamentuak sozialistek abiatutako ekimena, iazko martxoan.

2014ko maiatzaren 6a
08:42
Entzun

Espainiako Kongresuan oposizioko talde guztien babesa izatea ez da nahikoa izango Nafarroako Parlamentuak iazko martxoan aho batez onartutako legez besteko proposamena aurrera ateratzeko. Aseguru etxeek hiesdunak ez diskriminatzeko helburua zuen, eta hala defendatu dute gaur, gainera, Roberto Jimenez (PSN), Sergio Sayas (UPN) eta Bakartxo Ruizek (Bildu) Kongresuan.

Erabiltzaile eta Kontsumitzaileen Babeserako Lege Orokorra aldatzeko eskatzen dute horretarako, baita zenbait lege osagarrirena ere. PPko bozeramaileak adierazi du "onartezina" dela HIESa edo edozein gaixotasunengatik aseguru etxeek inor diskriminatzea, baina, hala ere, bere taldeak ez du onartuko proposamena. Aldatu nahi dituzten klausulak ez direla erabateko eskubideak esan du PPko bozeramaileak, eta hori dela proposamena ez babesteko arrazoia. Ez du uste, halaber, "oso logikoa" denik gaixotasunen zerrenda bat egitea, HIESak sortzen duen pareko diskriminazioa sortzen duten gaixotasunena: "Interpreta daiteke zerrenda horretan ez dauden gaixotasunen bat izateak baimendu egingo lezakeela diskriminazioa, eta hori ez da posible". Nafarroako Parlamentuak proposamenean adierazitako praktikak "justifikaezinak" direla "erabat" esan arren, eta salatu egin behar direla esan arren, legez besteko proposamenak ez du aurrera egingo.

Jimenezek ekimena "ona eta erabilgarria" dela adierazi du, "ulertzen erraza", eta "bidegabekeria handia" dela HIESa dutenek sufritzen duten desabantaila egoera hori. Sayasek adierazi du diskriminazioak ezin duela lekurik izan Konstituzioan, eta horregatik babestu duela ekimena bere taldeak. Ruizek, berriz, salatu egin du gaixotasun horrek jotakoen egoera: "Bizi duten drama nahikoa ez balitz bezala". Gainera, kritikatu egin du Nafarroako Parlamentuan onartutako lege batek aurrera egiteko Kongresuak onartu behar izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.