Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiak Espainiako Gobernuari eskatu dio Bildu koalizioa inpugnatu dezala, ez honen hauteskunde zerrendak soilik. "Bildu maiatzeko bozetan ez egoteko, legezkoa den guztia egin behar du gobernuak. Ez badu halakorik egiten, bere erantzunkizuna izango da Itun Antiterroristaren osasuna ona edo txarra izatea".
Polizia txostenetan oinarrituta PPk uste du Bilduren atzean ETA eta Batasuna daudela, De Cospedalek esan duenez.
Gobernuak lehengo astean eman zuen Bilduren zerrenden kontra egiteko baimena. Publico egunkariak argitaratu duenez, horretarako Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak argudiatuko dutena izango da ETAren eta Batasunaren estrategia izan dela Bildu sortzea. Publico-k zioen Poliziak aitortu duela koalizioaren 258 hauteskunde zerrendak "garbi-garbiak" direla.
EAk, Alternatibak eta independenteek osatzen dute Bildu. Honen ustez, "ez dago arrazoirik" bere aurkako inpugnazioak aurkezteko.
Estatuaren abokatuak eta Fiskaltzak inpugnazioak asteazken eta ostegun honetan aurkeztu beharko lituzkete. Maiatzaren 22an izango dira udal eta foru hauteskundeak.