Amaiurrek talde parlamentarioa ez lortzea jarri du erronka gisa PPk Hego Euskal Herrian, eta, Antonio Basagoiti EAEko PPkopresidenteak adierazi duenez, arabarren botoa erabakigarria izango da helburu hori lortzeko. «Araban bi diputatu lortzen baditugu, Amaiurrek ez du berea lortuko, eta ez du talderik izango Espainiako Kongresuan», nabarmendu du PPko buruzagiak Gasteizen eginiko ekitaldi batean.
Hego Euskal Herrian lehian dauden 23 diputatuetatik gutxienez bost lortu behar ditu koalizio abertzaleak Espainiako Kongresuan taldea osatu nahi badu. Era berean, hauteskunde barruti edo herrialde bakoitzeko boto kopuru totalaren %15 behar du. Hori hala, Araban jokoan dauden lau diputatuak eskuratzeko lehia gogorra izango da PP, EAJ, PSE-EE eta Amaiurren artean, eta horren jakitun dira lau indar politikoak. Herenegun, Amaiurrek ohartarazi zuen horretaz, eta atzo PPk.
Espainiako Kongresurako Arabako zerrendaburu Alfonso Alonsorekin eta herrialde horretako Kongresurako eta Senaturako gainontzeko hautagaiekin batera eginiko ekitaldi batean, Amaiurri buruz mintzatu zen Basagoiti, eta ohartarazi zuen koalizio abertzaleak Espainiako Gorteetan «ordezkaritza zabala» lortzen badu horrek «eragin kaltegarria» izango duela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomian. «Iskanbila sortzera eta gure ekonomiaren izen ona zikintzera joan nahi dute Madrilera», nabarmendu zuen PPko buruzagiak.
Basagoitiren arabera, krisialdi ekonomikoari aurre egiteko eta «Euskadiren interesak» defendatzeko «jende zintzoa» behar da instituzioetan. «Egoera larri honetan, euskal ordezkaritza haien [Amaiurreko kideen] esku egotea zama astuna izango litzateke gure ekonomiarentzat», ohartarazi zuen PPko buruzagiak.
Basagoitik azaldu duenez, krisialdi ekonomikoari aurre egiteko PP da «aukerarik egokiena», eta nabarmendu du haren alderdia dela «gauzak alda ditzakeen bakarra». «Hazkunde ekonomikoa izan dadin, ezinbestekoak dira segurtasuna eta konfiantza, eta bi ezaugarri horiek ditu PPk», adierazi du. «Ez dugu Europako zoko batean sufritzen jarraitu nahi. Espainiak merezi duen ospea berreskuratu behar dugu, eta eztabaidaren erdigunean kokatu behar dugu gure ekonomia; hori dago jokoan hauteskunde hauetan».
«Pizgarriak», enpresarientzat
Euskal Herriko enpresarientzat hitz onak izan zituen Basagoitik. Krisialdi ekonomikoaren inguruan agertu duten «adorea» txalotu, eta aurrera begira haien lana ezinbestekoa izango dela nabarmendu zuen. «Enplegua sortzeko, ezinbestekoa da enpresarien, autonomoen eta negozio bat duten herritar guztien lana. PPrentzat, ukiezinak dira», adierazi zuen PPko buruzagiak.
Ekintzaileen beharra ere nabarmendu zuen, etaadierazi zuen PPk kudea dezakeela egokien haien botoa. «Zuhurtziaz jokatzeko garaia da. Jatea bezala, aldaketa politikoa beharrezkoa da; kontua ez da ezkerrekoa edo abertzalea izatea: ardura kontua da».
Alfonso Alonso Espainiako Kongresurako Arabako zerrendaburuak ere izan zituen enpresarientzako esker hitzak, etaadierazi zuen haien aldeko «politikak» behar direla. «Krisialditik ateratzeko, neurri eraginkorrak behar dira, gure enpresak lehiakorrak izan daitezen eta nazioartera zabal daitezen». Alonsok iragarri duenez, PP gobernura iristen bada, «pizgarri fiskalak» eskainiko ditu enpresarientzat. «Ez dago beste biderik enplegua sortzeko».
Sektore publikoari dagokionez, «erreformak» iragarri zituen, eta instituzioen gastu publikoan «murrizketak» egin beharko direla nabarmendu zuen. «Neketsua izango da aldaketa, baina mereziko du».
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Alderdien kanpaina
PPk dio Arabako botoa erabakigarria dela Amaiurrek taldea lor ez dezan
Basagoitiren arabera, Amaiurren ordezkaritzak kalte egingo lioke euskal ekonomiari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu