Beste behin ere argi esan du Espainiako Gobernuak. Ez du asmorik espetxe politikan urratsik egiteko: «Gure politika antiterrorista, espetxe politika bezala, ez da aldatu, eta ez da aldatuko». Espainiako presidenteak eta Eusko Jaurlaritzako lehendakariak egindako bileraren ondoren, Iñigo Urkulluri hitz egin atzo Espainiako presidenteorde Soraya Saenz de Santamariak. Esan zion berak «oso ondo» dakiela zein den PPren gobernuaren jarrera, eta «koherentziaz eta argitasunez» eutsiko diotela horri.
Ez du iritzi bera Amaiur koalizioak. «Mendekuzko espetxe politika ankerrak» behin betiko bukatu behar duela adierazi zuten Jon Iñarrituk eta Onintza Enbeitak. Izan ere, haieen esanetan, Espainiako Gobernuaren politika hori da Arkaitz Bellonen heriotzaren erantzulea. «Politika horrek erantzule politikoak ditu. Sakabanaketak, bakartzeak eta Arkaitzek jasandako jipoiek erantzuleak dituzte». Horregatik eskatu dute Espainiako Barne ministroak eta Espetxe Zuzendaritzako idazkari nagusiak heriotzari buruzko argibideak eman ditzatela Espainiako Kongresuan.
Bestalde, herenegun Elorrioko eta Sopelako Udalek egin duten bezala, Bellonen heriotzaren inguruabarrak «berehala argitzeko» eta «sakabanaketa eta espetxe politika hau amaitzeko» eskatu zuen atzo Durangoko Udalak. Elorrion bezala, bat egin zuten EAJk eta Bilduk, eta baita Aralarrek ere.
Ezker Batuak ere, ohar baten bidez, ikerketu beharra dagoela nabarmendu zuen, sakabanaketa gaitzestearekin batera: «Bake prozesua sendotzeko esperantza gelditu baino ez dute nahi horrekin».