PPk eten egin du Zubietan espetxe berria egiteko plana

Espainiako Gobernuak ikerketa hasiko du kartzelak izango lituzkeen beharrei buruz; ez du eperik ezarri azken erabakia hartzekoIragarpenak airean utzi ditu espetxe alboko industrialdea eta Martuteneko etxe berriak

Zubietako kartzela egitekoa duten eremua, atzo arratsaldean. Espetxea jartzekoa duten gunea zelaituta daukate dagoeneko. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2012ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Lan batzuk hasita badaude ere, airean dago Zubietan (Gipuzkoa) egin nahi duten birmoldaketa plana: Espainiako Gobernuak jakinarazi du oraingoz eten egin dituela kartzela eraikitzeko lanak, eta horrek zuzenean eragingo die inguruan egitekoak dituzten beste azpiegiturei ere, Madrilen ardura delako eremu hori egokitzeko lanak egitea. Proiektuari atea ez dio erabat itxi PPren gobernuak, baina «gelditu» egin du, murrizketak direla eta. Azterketa bat hasiko du orain Espainiako Espetxe Erakundeak, Zubietako kartzelak zein behar izango lituzkeen argitzeko. Eperik ez dute jakinarazi.

Lurra mugitzen hasita zeuden kartzela egitekoa duten lekuan. Iaz ekin zieten lanei, uda aurretik. Horien ondorioz, itxura erabat aldatuko zaio Zubietako Eskuzaitzeta mendi kaskoari: kartzela ez ezik, industrialde bat ere jartzekoa dute; hurbil aurreikusita dago errauste planta ere, beste kasko batean, Artzabaletan. Handiak dira iragarritako azpiegiturak: espetxeak 28,8 hektarea izango lituzke —gaur egun Gipuzkoan dagoenak, Martutenekoak, bi dauzka—, eta industrialdeak, 70—herrialdeko handiena izango litzateke, horrenbestez—. Jadanik egintxe daude iristeko bideak eta.

Egitasmoa zalantzan dago, ordea. Gaur-gaurkoz, etenda. Hori baieztatu dio BERRIAri Espainiako Espetxe Erakundeak: «Ez du esan nahi espetxea eraikitzeari uko egin diogunik behin betiko. Zein behar dauden aztertuko dugu». Langile aldetik kartzelak izango lituzkeen beharrei buruz ari da Madril: «Ez dugu espetxe bat irekiko han aritzeko behar adina langile ez badauzkagu». Hori bera salatzen ari baitira beste hainbat kartzelatan: ireki bai, ireki dituztela espetxeak, baina funtzionatzeko arazoak daudela.

Murrizketa planaren ondorio da langile eskasia: lan eskaintza publikoak egitea galarazi egin du Espainiako Gobernuak, eta, beraz, horrek esan nahi du kartzela gehiago jarri arren ezin dela funtzionario gehiago hartu. Zubietako kasuan, ordea, argudio hori ez da erabat baliagarria: espetxea 2014an zabaltzea zen erakundeen asmoa, eta, beraz, ez luke lan eskaintza orain egin beharrik. Are, Madrilek iradokia du datorren urtean lan eskaintzak egiteko aukera izango dela —hezkuntzako oposizioak geldiarazi zituenean, postuak 2013rako gordetzeko eskatu zien autonomia erkidegoei—.

Eragina Martuteneko planean

Zubietakoa ez da oraindik orain PPk espetxeen alorrean egindako mugimendu bakarra. Joan den astean, EAJk eta PPk akordio bat egin zuten Espainiako Kongresuan, Leioan (Bizkaia) iragarri zuten presoentzako gizarteratze zentroari buruz; gobernuari eskatu zioten aztertzeko plana berriz.

Martutenen egun dagoena baino ia hiru bider kartzela handiagoa litzateke Zubietakoa: 504 ziega ageri dira proiektuan —Martutenekoak 180 dauzka, nahiz eta 300 presotik gora dauden han—. 113 milioi euroko aurrekontua du, baina Espainiako Gobernuko iturriek esan dute arazoa ez dela finantzaketa, langileen gorabeherak baizik. Hala ere, galdera egin arren, ez dute argitu azterketak zerikusirik ba ote duen presoen kopuruan izan daitekeen aldaketarekin —euskal presoak Euskal Herrira ekarrita, besteak beste—.

Orain arteko iragarpenak airean daude: 2014an, Zubietako kartzela irekitzean, Martutenekoa botatzen hastekoak ziren. Orain, Madrilgo gobernuaren erabakiaren ostean, ikusteko dago zer gertatuko den Martutenen. Espetxea eta oraingo etxe batzuk eraitsi ondoren 1.200 etxebizitza egiteko proiektua mahai gainean daukate; areago, etxe batzuk aurki botatzekoak ziren: azaroko uholdeen ondorioz, kalteak jasan zituzten, eta ez konpontzea erabaki zuten, urtebeteren buruan eraitsi egin beharko zituztela uste zuten eta.

Zubietako plana eteteko iragarpenaren berri izan ondotik, Martuteneko hirigintza plana hartu du gogoan Juan Karlos Izagirrek, Donostiako alkateak. «Estrategikotzat» jo du egitasmoa. Hartara, Izagirrek atzo bertan hots egin zion Angel Yuste Espainiako Espetxe Erakundeko zuzendariari. Udalaren arabera, Yustek alkateari esan dio «mantsotu» egin dutela Zubietako kartzelaren plana. Nolanahi ere, egoera argitzeko bilera bat egitekotan geratu dira.

Izagirrek nabarmendu du hitzarmen bat tarteko dagoela. Udalak eta Espainiako Gobernuak sinatu zuten akordioa: herriko etxeak Madrilen esku utzi zituen kartzela berria egiteko lurrak, eta, trukean, adostu zuten orain Martuteneko kartzela dagoen eremua udalak eskuratuko duela, etxeak egiteko. Yustek alkateari azaldu dio baietz, badakiela akordioak sinatuta daudela dagoeneko, eta eutsi egingo diotela hitzarmenari.

Aurka dago Donostiako PP

Izagirrek Txomin-Enea inguruko proiektuarengatik agertutako kezkarekin bat egin dute Donostiako Udalean ordezkaritza duten beste hiru alderdiek: PSE-EEk, EAJk eta PPk. Espainiako Gobernuaren asmoen aurka sutsu egin du hiriburuko PPk ere, eta Ramon Gomez zinegotziak iragarri du «borroka» egingo dutela erabakia aldarazteko. «Dena egingo dugu asmoa atzera bota dezaten».

Orain bi aste jakin zuten erabakiaren berri EAEko PPko ordezkariek. Gomezen arabera, «kolpe handia» izan da. «Donostiarentzat berebiziko garrantzia du Zubietako kartzela egiteak, hirigintza aldetik garapena izan dezan Donostiak». Hala ere, nabarmendu du azken erabakia hartzeko dagoela, eta jakinarazi du EAEko PPko zuzendaritza hizketan ari dela Barne Ministerioarekin, Zubietako kartzela ez egiteak zein eragin izango lukeen adierazteko.

Donostiaren eta Gipuzkoaren garapena oztopatzea egotzi dio PSE-EEk Espainiako Gobernuari. Enrique Ramon zinegotziak gogorarazi du espetxea soilik ez duela jarri airean PPk: «Arriskuan jarri du Gipuzkoako industrialde handiena ere». Hainbat enpresak Zubietan lantegia jartzeko asmoa dagoeneko adierazia zutela esan du. Ekonomiak izango duen kalteaz ohartarazi du EAJk ere. Iñaki Gurrutxaga, Donostiako zinegotzia: «Bilduren gobernuaren zehaztasun falta gutxi ez, eta orain PP etorri da, eta zalantza gehiago sorrarazi ditu».

Martutenen ere arazoak izango direla uste dute EAJk eta PSEk. Gurrutxagak dio «modu txarrean» hasi dela lanean PPren gobernua: «Itxita zegoen operazio bat gerarazi du. Etxebizitzei eragingo die, eta presoen bizi-baldintzei». Ramosek nabarmendu du «baldintza kaskarrean» dagoela kartzela eta nahitaezkoa dela berria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.