PPk etorkinenganako «gorrotoa» sustatu ote duen ikertzeko eskatu dute

Gurtza lege-egitasmoa kritikatu du Marotok, uste baitu meskitak «perretxikoak bezala» irekitzea ekarriko duela

Zaramagako meskitaren aurka ari zirenei erantzuteko elkarretaratzea, iaz, Gasteizen. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
mikel p ansa
2012ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Etxebizitza publikoak eskuratzeko, immigranteei baldintzak gogortzea proposatu zuen Bilboko PPk, kanpaina baten bidez. Aurrena, Bilbokoak. Etxebizitza publikoak emateko sistema justu baten alde leloarekin bataiatu zuen kanpaina, eta txartelak jarri eta 50.000 eskuorri inprimatu zituen. Mezua aztertuta, Bizkaiko SOS Arrazakeriak ondorioztatu du immigranteenganako «bazterkeria eta gorrotoa» sustatzen aritu dela Bilboko PP, eta auzitara eraman nahi du alderdia. SOS Arrazakeriako kideek idatzi bat aurkeztuko diote Bizkaiko Fiskaltzari gaur eguerdian. Eskatuko diote ikertzeko PPk Espainiako Zigor Kodeko 510. artikulua urratu ote duen. Taldeenganako bazterkeria, bortxa edo gorrotoa eragitea eta egiari kontra eginez informazio laidogarriak zabaltzea zigortzen du artikulu horrek.

Bilboko PPren kanpainak bat egin du, denboran, EAEko PPren presidente Antonio Basagoitik eginiko adierazpenekin: herritar guztientzako osasun zerbitzua aldarrikatu zuen Basagoitik, «baina, aurrena, etxekoentzat». Bilboko PP, berriz, maiatz hasieratik ari da diptikoak partitzen. Bilboko Udalaren etxebizitza publikoei buruzko araudiak immigranteei mesede egiten die, PPren esanetan. Cristina Ruiz PPren Bilboko eledunak ñabartu zuen Bilbon «bizi direnak eta lan egiten dutenak» hartu dituztela aintzat, Aurrena, Bilbokoak idatzi dutelarik.

SOS Arrazakeriako kideen esanetan, ordea, «hauteskunde helburuak» dauden honetan, aurreiritziak sutzeko arriskua dago. Bilboko PPren agiriak, berriz, zehazten du bilbotarrei kalte egiten diela etxebizitza publikoen araudiak, immigranteei laguntzen ahalegintzen delako. Delitua sumatu dute SOS Arrazakeriako kideek esan horietan, eta Bilboko Udalari ere eskea egin diote: kereila aurkezteko PPren kontra.

Gurtzarako legearen kontra

PPko beste kide batek, Javier Maroto Gasteizko alkateak, gurtza lege egitasmoaren kontra egin du, bestalde. Joan den astean aurkeztu zuen egitasmoa Eusko Jaurlaritzak; gurtzarako aretoak irekitzeko, 300 laguneko baino gutxiagoko edukiera duten lokalen kasuan, udalen baimenik ez dela beharko proposatzen du lege egitasmoak, besteak beste. Ez du begi onez ikusi Marotok: «Perretxikoakbezala sor daitezke meskitak». Marotok kopuruez hitz egin du: Gasteizen zortzi meskita daude, eta beste bat irekitzeko eskaera egina dago. Bilbon eta Donostian baino gehiago direla ohartarazi du.

Gurtzarako legeak fede guztiez badihardu ere, meskitei buruz mintzatu da Maroto; seinalatu du legeak aurrera egiten badu fruta dendak ere meskita bihurtuko direla, eta udalek ezingo dutela ezer egin. PPk gurtza lege-egitasmoaren aurka egingo duela adierazi du Marotok, eta Eudelek ere izango duela zer esana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.