Euskal presoak

PPk Etxerat-en Batzar Nazionala debekatzeko galdegin dio Herrizaingo Sailari

Ekitaldia biktimen duintasunarentzat iraingarria dela uste du Carlos Urquijo PPko parlamentariak. Etxerat-ek espetxe politika "kriminal" bezala definitzea eta "preso politiko" adiera erabiltzen duela salatu du.

2010eko azaroaren 5a
13:38
Entzun
Etxerat-ek etzi Arrasaten (Gipuzkoa) egingo duen X. Batzar Nazionala eta espetxe politika salatzeko egingo duen ekitaldia debekatzeko eskatu dio Carlos Urquijo PPko parlamentariak Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuari. Urquijoren hitzetan, "onartezina" da euskal preso politikoen senideen elkarteko asanblada "espetxe politika kriminala salatu, eta preso politikoen eskubideen alde egin duten guztiak gogoratzeko" ekitaldi batekin bukatzea.

Etxerat-ek espetxe politika "kriminal" gisa deskribatzea, eta "hilketengatik, estortsioagatik eta talde terroristako kide izateagatik" kondenatu dituzten pertsonak "preso politiko" bezala definitu izana salatu du Urquijok. "Izaera hori duten ekitaldiak ezin dira onartu, biktimen duintasunarentzat iraingarriak dira".

Ertzaintzak asanbladaren berri duen galdetu dio Aresi. Bide batez, Herrizaingo Sailak Etxerat-i buruz Espainiako Auzitegi Nazionalari igorritako txostena etziko ekitaldia debekatzeko nahikoa ez al den galdekatu dio.

Etxean nahi ditugu lelopean egingo du Etxerat-ek X. Batzar Nazionala. 2010. urtea "oso gogorra" izan dela salatu dute, presoen eskubide urraketak okerrera egin duelako. Batzarra bukatu ostean, ekitaldia egingo dute 13.00etan Arrasateko Herriko Plazan, "gure senideei ezartzen dieten kartzela politika kriminala salatu eta euskal preso politikoen eskubideen defentsan beren konpromisoa eman duten lagun eta senideak gogora" ekartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.