PPk ez beste alderdi guztiek gaitzetsi egin dituzte Aznarren hitzak

Ezker abertzaleak dio Aznarren tesiak porrot egin duela; presidente ohiari jaramonik ez egiteko eskatu du EAJk

Erredakzioa
2011ko urriaren 8a
00:00
Entzun
PP ez beste alderdi guztiak bat etorri dira Jose Maria Aznarren hitzak gaitzesteko orduan. Espainiako presidente ohiak, herenegun, Malagan (Espainia) PSOEri eskatu zion ez ditzala «terroristak bake gizon gisa» aurkeztu, eta era berean, ETAri opariak eman nahi izatea leporatu zion. Eusko Jaurlaritzak erantzun du adierazpen «zitalak» bezain «onartezinak» direla Aznarrek egindako horiek. Rodolfo Ares EAEko Herrizaingo sailburuak Espainiako Gobernuari eta Jaurlaritzari erasotzeko «gezurrak esatea eta manipulatzea» egotzi dio Aznarri. Aresek gaineratu du Aznarrek eta PPko buruzagi batzuek «politika antiterrorista» arerio politikoen aurka egitekobaliatzen dutela.

Iñigo Urkullu EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, berriz, Aznarri jaramonik ez egitera dei egin dio PPri. Urkulluren aburuz, Aznarren adierazpenek ez lukete Alderdi Popularraren ekimen politikoa baldintzatu behar. Urkulluren aburuz, bakeranzko bideak «alderdi politiko guztien beharra» du, «baita PPrena ere». Ildo horretatik, Urkulluk nabarmendu du PP «beharrezkoa» izango dela aurrerantzean.

Ezker abertzaleak, berriz, ohar bidez Aznarren adierazpenak gaitzetsi ditu. Aznarrek herenegun defenditu zuen ETA garaitzea beharrezkoa dela. Haatik, ezker abertzaleak uste du Aznarren tesiak porrot egin duela: «Aznarrek defenditzen duen kontrako norabidea hartu du gure herriak, eta demokraziaranzko eta behin betiko konponbiderako bidea hartu du», arrazoitu du. Ezker abertzalearen irudiko, adierazpen horiek erakusten dute Euskal Herriko errealitate politikoa eta soziala ez dituela ezagutzen Aznarrek. Era berean, EAJri eta PSOEri eskatu die «urratsak egiten hasteko» eta konpromisoak hartzeko.

Maria Dolores Cospedal PPko idazkari nagusiak atzo Aznarren tesia defenditu zuen, eta azpimarratu zuen beharrezkoadela «biktimen eta borreroen artean» bereiztea: «Askatasunaren aldeko borrokan, irabazle bat eta galtzaile bat egon behar du». Hego Euskal Herriko PPko alderdikideek egindako lana goraipatu zuen, era berean. «Beste behin ere erakutsi dute gure artean onenak direla. Gaur inoiz baino gehiago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.