UPD eta Amaiurrek Espainiako Kongresuan talde propioa izateko aukerak ezberdin tratatu behar direla esan du Esteban Gonzalez Pons PPko komunikazio idazkariordeak, goizean Madrilgo komunikabide bati eskainitako elkarrizketan. Eragile politiko bakoitzaren egoera ezberdintzea beharrezkoa dela azpimarratu du. Ponsen hitzetan, "berdintasun printzipioa ezberdina ezberdintzat hartzea da, eta UPD eta Amaiur ezberdinak dira".
Araudiak aukera batzuk aurreikusten ditu taldea osatzeko. Lehena, hamabost diputatuk osatzea, baina bada beste aukerarik: hautagaitzak aurkeztutako hautesbarrutietako botoen %15 jasotzea; edo estatu osoan emandako botoen %5 lortzea. Amaiurrek %15eko babesa lortu zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina Nafarroan %14,86koa. UPD, berriz, ez da estatuan %5era iristen, %4,69 lortu zuelako.
Ponsek gaineratu du UPD eta PP dagoeneko jarri direla harremanetan. Hain zuzen ere atzo bildu zen Soraya Saenz Santamaria PPko bozeramailea Rosa Diez UPDko buruarekin, alderdi horrek talde propioa izateko dituen aukerak aztertzeko.
Izan dira halako kasuak lehendik ere, eta aurrekarien interpretazioa, taldea osatzearen aldekoa da. Amaiurrek ez luke arazorik izan behar Kongresuan taldea osatzeko, Kongresuko araudia eta taldea osatzeko orduan izan diren aurrekariak ikusita. Diputatuek taldea osatzeko duten eskubidea lehenetsita interpretatu behar du Mahaiak araudia. PPk gehiengoa izango du datorren 13an osatuko den Kongresuko Mahaian.