PPk ez ditu «gustuko» EAEko aurrekontuak, eta 118 zuzenketa aurkeztuko ditu

Iñaki Oiartzabalek dio arduraz jokatuko dutela Lopezek Jaurlaritza sostengatzea «gero eta zailago» jarri badie ere

joxerra senar
2011ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
«Gero eta zailago jartzen digute Jaurlaritza sostengatzea». Mezu argia igorri dio Iñaki Oiartzabal EAEko PPren idazkari nagusiak Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariari. Oiartzabalek argi utzi du ez duela batere gustuko Jaurlaritzak aurkeztutako 2012ko aurrekontu proiektua. «Ez dira gure aurrekontuak», azaldu du, besteak beste, «lehentasunik ezarri gabe murrizketak» proposatzen dituelako. Hala ere, PPk ez du osoko zuzenketarik aurkeztuko: «Erantzukizun ariketa egin beharko dugu, ezegonkortasun ekonomikoak egoera larrituko lukeelako». Horrek ez du esan nahi PSE-EEk aurrekontuak ziurtatuta edukiko dituela, eta baldintza gisa PPk aurkeztutako 118 zatikako zuzenketa onartzea exijitu dio.

«Espero dugu gure zuzenketak aintzat hartuko dituztela», azaldu du Oiartzabalek. Gainera, gastu murrizketen inguruan Jaurlaritzak aurkeztutako proposamenak berriro aztertzeko eskatu dio. Adibidez, Oiartzabalek desadostasuna azaldu du Jaurlaritzak funtzionarioei soldata bere horretan uzteko proposamenarekin. «Zinismo politikotzat» jo du sozialistek PPri beste erkidegoetan murrizketak egitea leporatzea eta ondoren eurek «helburu argirik gabe eta euskal herritarren arazo errealei lehentasunik jarri gabe» murrizketak ezartzea.

Oiartzabalen irudiko, PPk aurkeztutako 118 zuzenketa horiek 60 milioi euroko finantzaketa behar lukete, eta «enplegua sortzen duten sektoreei» eginikoak dira batez ere. Horrez gain, «terrorismoaren biktimei laguntza handiagoa» ematea aldarrikatu du, eta Poliziaren gehiegikeria jasan dutenek milioi bat euroko kontu saila izatea «iraingarria» dela iritzi dio. Gainera, atzerriko enbaxaden gastua murriztea eskatu du. «Ez du zentzurik atzerrirako ekintza bikoiztea, enpresak laguntzeko bulego komertzialak badaude. Ibarretxek sortutako enbaxada politikoen sareari eusteak ez du zentzurik», adierazi du.

Jaurlaritzari ohartarazpen hori igorri, eta Bizkaiko Aldundiaren aurrekontua onartuagatik, Oiartzabalek ukatu egin du atzean bestelako mugimendu politikorik dagoela eta EAJra gerturatu eta PSE-EEtik urruntzen ari dela. «Jaurlaritzari ausardia falta egozten diogu. Euskadirentzat norabide politiko argi bat zehaztu ordez, badirudi muturreko abertzaleen mezuekin kezkatuago dagoela. Ez diogu PSE-EEri txeke zuririk eman; krisitik lehenbailehen ateratzeko asmoz babestu dugu».

Aralarrek, berriz, osoko zuzenketa aurkeztuko du 2012ko aurrekontuen aurka, «ez dietelako gizartearen beharrei erantzuten». Mikel Basaberen arabera, hezkuntzan edo osasunean atzerakoiak dira, eta ez dira egokiak krisiari aurre egiteko. EAk ere aurrekontuak atzera botatzeko eskatuko du.

Osoko zuzenketak Gipuzkoan

Egoera konplexua izango du Gipuzkoako Aldundiak 2012ko aurrekontuak aurrera ateratzeko. Hala, EAJk, PSE-EEk eta PPk osoko zuzenketak aurkeztu dituzte Bilduren gobernuak landutako aurrekontu proiektuarentzat. Abenduaren 12an izango da zuzenketen gaineko osoko bilkura, eta ordurako Bilduren gobernuak akordioren bat lortu beharko du talderen batekin zuzenketak atzera bota eta 2011ko aurrekontuak luza ez daitezen.

Markel Olano EAJren Batzar Nagusietako eledunak azaldu du EAJk akordioa egin nahi duela, testuinguru honetan «oso garrantzitsua» delako aurrekontuak onartzea. Olanok espero du Bilduk «malgutasuna» erakustea eta ekonomia suspertzeko enpresentzat laguntzak jasotzea.

Rafaela Romero PSE-EEren eledunaren arabera, aldundiaren aurrekontuak «desegokiak» dira enpleguari erantzuteko, eta hainbat azpiegitura handiren aurkako jarrerak «arduragabekeria» islatzen duela iritzi dio. Gainera, PSE-EEk 159 zatikako zuzenketa aurkeztuko ditu, 13 milioi eurorenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.