Hilabete eta erdi falta da Espainiako Gorteetarako hauteskundeak egiteko. Boz horietan PP izango da boto gehien jasoko duen alderdia, CISek iragarri duenez: %29,1 boto eskura ditzake; 2011ko bozetan baino hamabost puntu gutxiago. Bigarren indarra PSOE litzateke berriro, botoen %25,3 lortuta —%3,4 gutxiago, 2011ko emaitzekin alderatuta—.
Hirugarren indarra izateko lehian, Ciudadanos nagusituko litzaioke Podemosi; Albert Rivera buru duen alderdiak botoen %14,7 eskura ditzake, eta Pablo Iglesiasenak, berriz, %10,8.
Hego Euskal Herriari begira, Amaiurrek Espainiako boto baliodunen %1,2 lortuko lituzke, eta EAJk, %0,7. Duela lau urte, CISen inkestak iragarri duena baino %0,1 boto gehiago lortu zituen koalizio subiranistak; EAJk ere behera egingo luke, %1,3 boto jaso baitzituen 2011n. Geroa Baik antzera eutsiko lioke duela lau urteko portzentajeari (%0,1). UPN PPrekin batera aurkeztuko da bozetara, eta Nafarroan osatuko duten zerrendako aurreneko bi postuak UPNko hautagaiek beteko dituzte.