Gipuzkoako PPko presidente Borja Semperrek uste du EAJk "PPrekin harremanak normalizatzeko beldurra" duelako egin diola muzin Bilduren aurrean zenbait proiektu "blindatzeko" proposamenari. Semperrek alderdi jeltzaleari eskatu dio bere "obsesioak" alde batera utzi eta herritarren errealitateari kasu egiteko.
Semperrek "harridura" erakutsi du txostenaren inguruan eztabaidatu eta akordioak bilatzeko Urkulluk eman duen "ezezko borobila" dela eta. "EAJ Euskadiko eztabaida baretu eta kudeaketan zentratzearen beldur da", bere iritziz. "Liskarretan eta lubakietan gustura dagoela dirudi. Bagenekien EAJ independentziarekin obsesionatuta zegoela, baina ez genekie obsesio horrek Euskadiren etorkizunaren alde ezberdinekin ere lan egiten uzten ez zionik".
PPko bozeramaileak EAJri gogoeta egiteko eskatu dio, "Euskadiren etorkizuna, lehiakortasuna eta garapen ekonomikoa" jokoan daudelako.
Bestalde, oso gustura agertu da PSEk emandako erantzunarekin.
PSEk ere kritikak EAJri eta PPrekin hitz egiteko konpromezua
PSEko bozeramaile Jose Antonio Pastorrek EAJk PPren elkarrizketa eskaintzari muzin egin izana "harrigarria" dela esan du eta gogor kritikatu du. Esan du "gizalege politikoagatik soilik bada ere" jeltzaleek ez luketela elkarrizketa eskaintza hain arinki errefusatu behar. "Bilduk Gipuzkoako erakundeen gehiengoa lortzea baimendu duen politika nahasgarria egiten jarraitzen du EAJk eta horregatik ez dute elkarrizketaren aukera kontutan hartzen; ez dute ezker abertzalearen hautesleria gehiegi gogaitarazi nahi".
EAJren jarrera "akats" bat dela esan du Pastorrek; errepikatu du PSE prest dagoela euskal herritarren bizi kaitatea hobetzeko interesgarriak diren gaien ingruan PPrekin edo "beste edozein alderdi politikorekin" hitz egiteko.
Pastorrek baieztatu du PPrekin udaren ostean bilduko dela 24 proiekturen blindatzea proposatzen duen txostena aztertzeko. Gaineratu du proposamenak ez duela "berrikuntza berezirik" biltzen lehendik duten aldaketarako oinarrien akordioarekin alderatuta.