Efe agentziak zabaldu duenez, EAJ eta PP hizketan ari dira, bigarrenak aurrenekoari eman diezaizkion Espainiako Senatuan berezko taldea izateko falta zaion senatari kopurua. Beste lau senatari beharko lituzke EAJk, eta, Eferen iturrien arabera, bi utziko lizkioke PPk. Horregatik, EAJ negoziatzen ariko litzateke Coalicion Canariarekin ere beste bi senatari uzteko.
Hamar ordezkari behar dira Espainiako Senatuan talde propioa izateko, eta sei lortu zituen EAJk ekainaren 26ko hauteskundeetan. Senatuko araudiak baimendu egiten ditu alderdien arteko "kortesiazko maileguak" taldeak osatu ahal izateko. Uztailaren 26ko 20:00etara arteko epea dute taldeak osatzeko.
Behin taldeak osatuta, utzitako senatariak beren alderdietara itzuliko lirateke. Oraingoz, PPk, PSOEk, Podemosek eta ERCk baino ez dute bermatua berezko taldea.