PPko zinegotziei istiluak sortzea egotzi diete Aiaraldeko auzipetuek

2003an ilegalizazioa salatzeagatik, Laudioko eta Amurrioko hemeretzi herritar epaitzen hasi dira Espainiako Auzitegi NazionaleanAuzipetuek salatu dute PPko hautetsiek eta bizkartzainek indarkeria erabili zutela

edurne begiristain
2012ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
2003ko ekainaren 14an Laudioko (Araba) udalbatza osatzeko saioan PPko kargudunei eraso zietelakoan, Aiaraldeko hemeretzi herritar epaitzen hasi dira Espainiako Auzitegi Nazionalean. Atzo izan zen lehen auzi saioa, eta hamalau herritarrek deklaratu zuten. Gaur deklaratuko dute beste bostek. Atzoko saioan, auzipetuek adierazi zuten ez zituztela PPko hautetsiak jo, eta euren aurkako akusazio guztiak ukatu zituzten. Areago, udalbatzarrean izandako istiluak PPko zinegotziek eta euren bizkartzainek eragin zituztela salatu zuten.

Fiskaltzak «terrorismo delitua» leporatzen die Laudioko eta Amurriokohemeretzi bizilagunei, eta hiruna urteko espetxe zigorra eskatu du haientzat. Akusazio partikularrak, berriz, urtebeteko kartzela zigorra eskatu du hiru lagunentzat, eta bost eta sei urte artekoa gainontzekoentzat.

Auziak 2003ko udal hauteskundeetan du jatorria. Orduan, ezker abertzalea legez kanpo utzi izana salatzeko, alkateak kargua hartzeko udalbatzarrean sartu ziren hainbat herritar. Hala, Laudioko ordura arteko alkate Pablo Gorostiagari babesa eman, eta Alderdien Legea salatu nahi zuten. Eskuorriak banatuta eta txilibituekin zarata aterata egin zuten protesta. PPko zinegotziek, baina, salaketa jarri zuten, euren aurkako erasoak argudiatuta.

Fiskaltzaren arabera, protesta egin zuten herritar horiek «Batasunarekin duten harremana edo sinpatia» dela medio jo zituztenSantiago Abascal Conde, Rose Maria Torres eta Montserrat Canive PPko zinegotziak, bai eta udalbatzarrean jende artean zeuden beste batzuk ere: Esau Martin Amurrioko alkatea, Carlos Urkixo eta Santiago Abascal Eskuza legebiltzarkideak eta Francisco Mosquera PPko kidea. Hala, «mehatxatzea, bortxa erabiltzea, lesioak eragitea eta herriko bake publikoa haustea» egotzi die Aiaraldeko herritarrei. Zehazki, PPkoei ukabilkadak eta ostikoak jo zizkietela, txistua bota zietela eta «pin, pan, pun» oihu egin zutela dio fiskaltzak.

«Indar handiz sartu ziren»

Auzipetuek epaiketan ukatu egin zituzten fiskaltzak egindako akusazioak; adierazi zutenez, ez zituzten PPko hautetsiak jo, iraindu edo mehatxatu, eta ez zieten txisturik bota. Haien arabera, protesta «baketsua» izan zen, PPko hautetsiei «txistu egin» zieten eta kartelak erakutsi zizkieten Putxerazorik ez eta Demokrazia Euskal Herriarentzat leloekin.

Auzipetuek azaldutakoaren arabera, PPkoak izan ziren indarkeria erabili zutenak eta udalbatza aretora «kolpeka» sartu zirenak. Auzipetu bik, gainera, salatu zuten Santiago Abascalek eta Carlos Urkixok ostiko bana eman zietela. «Bizkartzainak indarrez sartu zirenzinegotziek eseri behar zuten tokira iritsi nahian, eta ez dut uste horren beharra zegoenik», esan zuen Gaizka Amorrortuk, Laudio Aurrera legez kanpo utzitako plataformako kideak. «Indar handiz sartu ziren, jende asko zegoen, eta tentsioa sortu zen», gaineratu zuen Jon Ander Altubek, 2003ra arte Laudioko alkateorde izandakoak. «Aurretik zegoen guztia eraman zuten», esan zuen Aitor Goikoetxea auzipetuak.

Euren helburua Pablo Gorostiaga ordura arteko alkateari babesa adieraztea zela gaineratu zuten, eta salatu nahi zutela ez ziotela berriro aurkezten uzten. Iker Roiz auzipetuaren arabera, «alkate eredugarria zen» Gorostiaga. Protestaren helburua argitu zien Altubek Angela Murillo buru den epaimahaiari: «Aukera politiko guztiek ezin zutela hauteskundeetan parte hartu salatu nahi genuen, eta demokrazia aldarrikatzen ari ginen, besterik ez».

Epaiketa hasi baino lehen, Jone Goirizelaia defentsa abokatuak auzia artxibatzeko eskatu zuen, preskribatu duela argudiatuta. Halaber auzipetuen defentsa eskubidea urratu egin dela salatu zuen. Epaileak,baina, ez zituen eskaerak aintzat hartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.