Espainiako aurrekontuak

PPren aurrekontuen lehen atalak onartu ditu EAJk, bihar zer egingo duen argitu gabe

Aurrekontuen atal bati ezezkoa emateak atzera botako lituzke. Asteazkenean bukatuko da eztabaida Kongresuan. UPNk, berriz, baietza ziurtatu dio PPri; Madrilek 2.600 milioi bideratuko ditu Nafarroara hurrengo bost urteetan.

MARISCAL, EFE.
2018ko maiatzaren 22a
07:07
Entzun

Astearte honetan goizean hasi da Espainiako aurrekontuei buruzko eztabaida eta bozketa. Eztabaida bera atalka egin ohi da, ministroek aurrekontuen berri emanez, eta gero atalak bozkatuz. Aurrekontuek aurrera egiteko, atal guztietan irabazi behar dute gehiengo sinplearekin; baina atal batea gehiengo hori ez lortzea aski litzateke aurrekontuak atzera botatzeko.

Astelehen gauean, Euzkadi Buru Batzarrak ez zuen erabaki PPren aurrekontuak babestu, edo ez. Katalunian 155. artikulua indargabetzea "lehentasuna" dela esan zuen. Asteazken gauera arteko epea eman zion Mariano Rajoy Espainiako presidenteari.

Gaur ez dute jarrera argitu jeltzaleek. Momentuz, gaur Kongresuan aztertu diren aurrekontuen atalei baiezkoak eman dizkiete. Baina asteazkenean jarraituko du eztabaidak eta bozketak, eta jeltzaleek atal bakar batean ezezkoa emateak aurrekonturik gabe utziko luke Espainiako Gobernua.

Energia, Ogasuna, Defentsa, Sustapena, Presidentzia, Lana eta Gizarte Segurantza eta Osasunako ministerioen kontuez eztabaidatu dute gaur, eta iluntzean hasi dute bozketa. Ciudadanos, Nueva Canarias, Coalición Canari eta UPNk ere baiezkoa eman diete proposamenei, EAJk bezala. Asteazkenean, Atzerri gaietako, Justiziako, Hezkuntzako, Nekazaritzako eta Ekonomiako ministroek aurkeztuko dituzte beren kontuak. Espero da bozketa gau partean izatea, eta ordura arte ez da egoera argituko, beraz.

UPNk bai argitu du bere botoa: Espainiako Gobernuaren aurrekontuak babestuko dituela esan du, alderdiak Rajoyren gobernuarekin akordioa lortu duelako. Javier Esparza UPNko presidenteak azaldu duenez, akordioak jasotzen du Madrilek 2.667,5 milioi bideratuko dituela Nafarroara 2023. urtera bitartean.

Zatirik handiena AHTra bideratuko da. 2.523 milioiko gastua egingo du estatuak, Alesbes eta Ezkiroz arteko zatien lanetarako eta Iruñearen eta euskal y-aren arteko loturarako. Esparzak ziurtatu duenez, "Nafarroan egingo diren inbertsio handiak ez dira izango Uxue Barkosen gobernuarenak, Espainiako Gobernuarenak izango dira, UPNren bultzadari esker".

Esparzaren esanetan, beste zati bat bideratuko da AP-15 autobidea egun bereko joan-etorrietarako doan bihurtzera eta Volkswagenen 800 lanpostu sortzea ahalbidetuko luketen neurriak hartzera. Horrez gain, Madrilek konpromisoa hartu du N-121-A errepidean lerro bat eraikitzeko, San Adriango Elikagai Teknologiaren Zentro Nazionala sustatzeko eta hainbat herritan kirol azpiegiturak eraikitzeko.

Nafarroako Gobernua "neurri identitarioak" eta "euskal abertzaletasunarekin zerikusia duen oro ezartzeko" lanean ari den aldi berean, UPN "nafarren etorkizunaren alde" ari da "era arduratsuan", Esparzaren hitzetan.

UPNko buruak adierazi du "espainiar guztiekiko ardurarengatik" lortu dutela akordioa. "Espainiak aurrekontuak izatea posible egingo dugu, eta, ondorioz, egonkortasuna izatea". Esparzaren esanetan, "Nafarroak merezi duen errespetua" izan da akordioaren oinarria, bai "babes ekonomikoari dagokionez, "baita foru erkidego gisa ere, izaera propioko errealitate instituzionala den heinean". Horrez gain, "ETAren terrorismoaren biktimekiko errespetua" ardatzetako bat izan dela gaineratu du.

Izan ere, Esparzak aurrekontu akordio baterako baldintza gisa ezarri zion Rajoyren gobernuari euskal presoei ezarritako espetxe politika ez aldatzea, biktimen duintasuna kaltetuko lukeela ohartarazita. UPNko presidenteak gaur ziurtatu du ez dela hiru aldeko mahairik eratuko Nafarroako Gobernuaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren artean, euskal presoen hurbiltzeaz hitz egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.