politika

PPren eta PSEren arteko konfiantzak "sendo" jarraitzen duela esan du Eusko Legebiltzarreko presidenteak

Arantza Kirogak berretsi egin du PPk eta PSEk Legebiltzarrean duten akordioa, elkarren artean konfiantza izaten jarraitzen dutela esanez, ETAren eta alderdi sozialistaren arteko ustezko elkarrizketek bi alderdien artean eragin duen ika-mikaren gainetik.

2010eko maiatzaren 19a
14:07
Entzun
Arantza Kiroga (PP) Eusko Legebiltzarreko presidentearen arabera, PPren eta PSEren arteko akordioa "konfiantzan oinarritzen da batez ere, eta hori egunez egun lortzen da. Konfiantzak sendo jarraitzen duen une batean gaude. Konfiantza hori hausten denean arazoak izango ditugu". Herenegun egunkari batek ETAren eta PSEren arteko elkarrizketa bideak zabalik zeudela kaleratu, eta PPk zalantzan jarri zuen Legebiltzarrean duten akordioa, PSEk harreman hori ezeztatu ezean. Alderdi sozialistak gezurtatu zuen albistea.

Konfiantzak jarraitu arren, Kirogak ez du ukatu "konfiantza hori kili-kolo jarri duten hainbat ekintza eta jarrera izan direla", eta horregatik eskatu ziotela Patxi Lopez lehendakariari ETArekiko harreman horri buruzko azalpenak emateko. PPko kideak gogorarazi du PSE euren laguntzari esker dagoela gobernuan, eta ETAren kontra bien artean adostutako neurriak ezin direla "inolaz ere" ahaztu.

Era berean, "demokrata guztiak alertan egotera deitu" ditu Kirogak "datozen hauteskundeetan ETA ez dadin udaletxetan sar".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.