PPren murrizketen aurka helegitea aurkezteko eskatu du Legebiltzarrak

EAJk, PSEk eta Ezker Anitzak adostutako testuak autogobernua defendatzea galdegin dio Eusko Jaurlaritzari

Arana, Gatzagaetxebarria eta Egibar, hizketan, atzo, Eusko Legebiltzarrean. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
edurne begiristain
Gasteiz
2012ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak osasunean eta hezkuntzan egin asmo dituen murrizketen aurka ekimena hartzeko eta autogobernua defendatzeko eskatu dio Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari. Mariano Raxoiren gobernuak gizarte alorrean iragarritako murrizketek EAEko eskumenak urratzen dituela iritzita, Espainiako Auzitegi Konstituzionalean helegitea aurkezteko galdegin zion atzoLegebiltzarrak Patxi Lopezen gobernuari. EAJk, PSE-EEk eta Ezker Anitzak adostu zuten eskaera hori jasotzen duen proposamena, eta talde horien babesa izan zuen ekimenak. Testuan dioenez,PPren gobernuak baliogabe utzi beharko lituzke neurriok, harik eta Konstituzionalak helegiteari buruzko erabakia hartzen duen arte. Era berean, Jaurlaritzari dei egiten zaio EAEko eskumenen defentsan bide judizial guztiak amai ditzan eta Gernikako Estatutua osorik gara dezan.

Aralarrek eta EAk ez zuten bat egin Jaurlaritzak auzitegietara jotzeko aukerarekin, baina bai autogobernuaren defentsarekin lotura zuzena zuten eskaerekin. PPk eta UPDk, ostera, ekimena oso-osorik arbuiatu zuten, aurka bozkatuta.

Patxi Lopez lehendakariak gaur iragar dezake Espainiako Gobernuaren neurriak auzitegietara eramango dituela. Izan ere, PSE-EEk horri buruz galdetuko dio goizean, Legebiltzarreko kontrol saioan.

Bidearekin, desados

Taldeen arteko adostasunik gabe hasi zen atzoko osoko bilkura. PPren gobernuak osasunean eta hezkuntzan iragarritako murrizketak salatzeko ekimen bana aurkeztu zuten PSE-EEk, Ezker Anitzak eta EAJk, eta Aralarrek. Horien defentsa egiterakoan agerian geratu zen taldeek ez zutela bat egiten neurriei aurre egiteko moduan. Orokorra zen oso sozialisten jatorrizko ekimena, Espainiako Gobernuaren lan erreforma eta murrizketei dagokienez autogobernuaren defentsa egitea proposatzen baitzuen. Ezker Anitzak eta EAJk elkarrekin adostutako mozioak, berriz, helegitea aurkezteko eskatzen zuen, eta Jaurlaritzari dei egiten zioten «beharrezko neurri guztiak» abiatuta EAEko hezkuntza eta osasun ereduak bermatzeko.Aralarren ekimenak, berriz, harago jotzen zuen,Espainiako Gobernuaren neurriei «planto» egitea proposatuta.

Eztabaida amaitu aurretik, EAJk akordiorako eskua luzatu zion PSE-EEri, eta, Ezker Anitzarekin adostutako mozioarigehitu zitzaizkion sozialistak.

Saioan murrizketen inguruko hausnarketa ez ezik, horiei dagokienez Jaurlaritzak nola jokatu beharko lukeen ere hizpide izan zuten. Aralarrek eta EAk argi adierazi zuten autogobernuaren aurkako erasoa zirela Espainiatik erkidegoei ezarri nahi dizkieten neurriak, eta Jaurlaritzaren betebeharra dela horiek aplikatzeari uko egitea. EAko Juanjo Agirrezabalaren ustez, «konfrontazio demokratikoa» praktikara eraman beharko luke Jaurlaritzak Espainiako Gobernuaren aurka, eta autogobernuak eskura jartzen dizkion tresnak baliatu beharko lituzke horretarako. Aralarreko Dani Maeztuk, berriz, autogobernuaren defentsan «hitzetatik ekintzetara» pasatzeko deia egin zion Patxi Lopezi, eta murrizketei «planto» egiteko eskatu zion. Maezturen aburuz, hori ez litzateke izango «intsumiso» izatea: «Gaur egun daukagun esparru juridikoari eta Euskadiko erakundeek hemen onartutakoari kasu egitea eta errespetua zein fideltasuna erakustea izango litzateke».

Ezker Anitzako Mikel Aranak eta EAJko Ricardo Gatzagaetxebarriak, bestalde, Raxoiren eta Lopezen gobernuen murrizketak salatu zituzten. Bi gobernuei norabide berbera hartzea eta krisialditik ateratzeko formularik ez izatea leporatu zieten, halaber. EAJko legebiltzarkideak azpimarratu zuen Gernikako Estatutuan jasota dauden eskumenek aukera ematen dutela Espainiako neurriei uko egiteko.

Sozialistentzat, ordea, ez dago parekatzerik Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuarenpolitikak. Jose Antonio Pastorren esanetan, Eusko Jaurlaritzaren «Euskadi ereduak» kohesio soziala bermatzen du, eta PPren neurriak, berriz, demokraziaren aurkakoak etalegearen ikuspuntutik «nahiko zalantzazkoak» dira.

PPkukatu egin zuen Raxoiren neurriak EAEn «inposatuko» direla, eta PSE-EEri gogorarazi zion orain kritikatzen dituen murrizketa batzuk aspaldi jarri zituela martxan EAEn. UPDrentzat, berriz, garrantzitsuena ez da autogobernua defendatzea, «gobernu eraginkorra izatea» baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.