politika

PPren parte hartzerik gabe hasi du bidea bake lantaldeak Eusko Legebiltzarrean

EAJ, EH Bildu eta PSEren babesarekin eratu da lantaldea; PP eta UPD ez dira egon. Bakartxo Tejeria legebiltzarreko presidenteak adierazi du "egokiena" guztien parte hartzea litzatekeela baina atea oraindik "zabalik" dagoela.

2013ko apirilaren 11
19:39
Entzun

Espero bezala, Eusko Legebiltzarreko bake eta elkarbizitzarako lantaldea EAJren, EH Bilduren eta PSE-EEren babesarekin eratu da gaur goizean. PP eta UPDko ordezkariak ez dira presente egon lantaldeak bere bidea hasi duenean. Iñaki Oiarzabal PPko idazkari nagusiak atzo esan zuenez, uste dute ez direla "gutxieneko baldintzak betetzen", EH Bilduri "gehiago exijitu" behar zaiolako.

Lantaldea osatu ondoren, Bakartxo Tejeria legebiltzarreko presidenteak azaldu du konfiantza duela taldearengan, bakea eta bizikidetza lortzeko oinarri "sendoak" ezar ditzaketelakoan. PP eta UPD ez egotearen gainean adierazi du "egokiena" alderdi guztien parte hartzea izatea litzatekeela; hala ere, lantalderako atea "zabalik" dagoela gaineratu du, aurrerantzean horretara batu nahi duenarentzat.

Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkidearen ustetan, "lehentasuna" da presoen gaiari heltzea, baita "oinarrizko eskubide demokratikoen urraketa" jorratzea ere. Arzuagak espero du lantaldea "zoru etiko bat" ezartzeko baliagarria izatea; zoru hori "adostua" izan dadin nahi du, eta ez "inposatua".

PPri begira

Joseba Egibar EAJko ordezkariarentzat PPk badaki lantaldea bake eta bizikidetza sendotzeko izango dela, eta jarrera "pasibo" batekin hori lortzeari ezinezkoa deritzo.

PSE-EEko Jose Antonio Pastorrek adierazi du aurreko legealdian ezarritako oinarri etiko eta demokratikoak "lanean hasteko zoru etiko bikaina" direla. Horregatik, uste du PPk ez duela "inongo izurik" izan behar zoru etikoa gutxiaren inguruan, eta gaineratu du PSE-EEk "beharrezko espazioa" gordeko duela PP lantaldera batu ahal izateko.

Aurretik, joan den legealdian bake eta bizikidetzarako lantaldean jasotako printzipioak berretsi eta konpromiso horiek etorkizunean garatu beharreko lanaren "oinarri etiko eta demokratikoak" izan behar dutela hitzartu zuten EAJk, PSE-EEk eta PPk Eusko Legebiltzarrean. 

UPDk dio EAJ eta PSE "irrigarri" geratu direla

Gorka Maneiro UPDko legebiltzarkideak ohar baten bidez azaldu du lantaldea "EH Bilduri eta Batasunari komeni zaizkien gaiak jorratzeko besterik ez" dela izango.

Haren ustetan, ez da baliagarria izango "zentzua izango lukeen" horretarako; hau da, "ETA eta haren historia kriminala gaitzesteko". Maneirok gaineratu du EAJ eta "bereziki" PSE "irrigarri" geratu direla, eta EH Bilduri "esku-eskura utzi" diotela.

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.