Podemosek aurkeztu du testua batzordean, eta PSOEk eta Ciudadanosek egindako zuzenketen gainean adostu dute azkenean onartu dutena. Aldeko 28 boto eta kontrako hamabost jaso ditu testuak.
Garoñako zentral nuklearra ixteaz gainera, ez legezko proposamenak eskatzen du Burgosko eskualde horretan ekonomia biziberritzeko plan bat ere sortzea.
Energia berriztagarrietan eta aurrezpenean oinarritutako eredu energetiko batera bidea egin behar dela eta horretarako estatu itun bat beharrezko dela ere adostu dute hiru alderdiek.
Garoñak hiru urte baino gehiago itxita daramatzala gogora ekarri du Juan Lopez Uralde Podemoseko diputatuak batzordean: "Eta ez da energia hornikuntzarako arazorik batere izan. Garoña soberan dago".
Enrique Bueno Ciudadanosek diputatuak ere ideia bera errepikatu du, eta Adriana Lastra PSOEkoak erantsi du Garoña ez dela merkea eta ez duela segurtasuna bermatzen.
PPk, berriz, testuaren kontrako botoa azaltzeko, adierazi du Garoñako zentrala oso garrantzitsua dela Burgosko eskualde horretarako, eta segurtasuna bermatzen bada plantak lanean jarraitzearen alde dagoela.