Radio Bilbaok eman du jakitera: Bizkaiko Ekonomia eta Lurralde Garapena Sustatzeko diputatu Imanol Pradalesek Sacyr enpresa eraikitzailearen 7.200 akzio erosi ditu aurten. Jada diputatu dela erosi zituen, eta 16.394 euroko balioa dute. Bere errenta aitorpenean jaso du Pradelesek hori guztia.
Akzioduna dela Ogasunari iragarri dioenez, Bizkaiko Diputazioaren ustez, "garden" jokatu du diputatuak. Era berean, akzio horiek erostea erabaki pribatua dela eta haren kargu publikoarekin bateragarria dela erantsi du.
Oposizioko alderdiek, ordea, diputatuaren azalpenak eskatu dituzte. EH Bilduren iritziz "etika gabezia" erakusten du Pradalesen jokaerak. "Are eta gehiago enpresa horrek Urdinbideko tunelen lanekin segitzeari uko egin dioenean", gaineratu du koalizioak.