Euskal Herriko gatazka

"Pragmatikoak izateko garaia" heldu dela uste du Batasunak

Hurrengo hilabeteetan izango dituen erronka nagusiak aurkeztu ditu gaur Batasunak Altsasun (Nafarroa). Gaurko egoera zein den aztertuta Euskal Herria fase politiko berri batean dagoela ondorioztatu du Batasunak, eta egungo markoaren krisia, estatusa aldatzeko beharra eta herri galdeketa egiteko premia lirateke aro berri horren ezaugarriak. Hain justu, ideia horietan oinarritu ditu etorkizun hurbileko erronkak: pragmatismoan, elkarrizketan eta herri galdeketan oinarrituta gatazka konpontzeko zimenduak jartzea, eta nazio eraikuntzarako estrategia nazionala sendotu eta aurreratzea.

2004ko irailaren 11
18:00
Entzun
Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramaileak eman du azterketa politikoaren zein erronka nagusien berri, Altsasuko Kultur Etxean, ezker abertzaleko bostehun bat kideren aurrean.

Azaldu duenez, Euskal Herria fase politiko berri batean dago, eta egungo markoaren krisia, estatus aldaketaren beharra zein herri galdeketaren premia dira garai honen ezaugarriak. Hori dela eta, pragmatismorako sasoia heldu dela iritzi dio Otegik. "Pragmatikoak izateko garaia heldu da, gatazkaren erroetara jo ta era demokratikoan gainditzekoa", adierazi du.

Halaber, aukera egiteko unea dela esan du; hots, "formula partzialen" edo behin betiko gatazka konponduko dutenen artean hautatzekoa. "Aukeratu behar da: formula partzialak, boterea eta gestioari begirako proiektuak, ala arau berriak negoziatu eta adostu, gaur konponbidea lortzeko eta bihar proiektu politiko guztientzat ateak zabaltzeko".

Ildo horretatik, Ibarretxeren Planaren inguruan Batasunaren jarrera zein izango den berretsi du Batasuneko bozeramaileak: hau da, gatazkaren konponbidea bultza dezaketen oinarriei buruzko akordioabilatzeari baiezkoa emango diotela. Autodeterminazio eskubidea, Euskal Herriaren aintzatespena eta herri kontsulta lirateke oinarri horiek. Aldiz, Ibarretxeren Plana "erreformaturiko estatatu berri batera" mugatzen bada ezezkoa emango diotela agertu du, "gatazkaren konponbidea ez dakarrelako".

Hain zuzen ere, bakea lortzeko estatus politikoaren aldaketa ezinbestekoa dela esan du Otegik. "Formula zaharrek, indarrean izandako estatus politikoek, soilik gatazka mantentzera garamatzate; ordua heldu da konponbiderako formula berrien inguruan aritzeko", azpimarratu du.

Funtsean, aldaketa politikorako eta bakerako elkarrizketa, negoziazioa, akordioa eta adostutakoa herritarrek berrestea behar direla nabarmendu du. Bide horretatik, Otegik azpimarratu du Batasunak aintzat izango duela bake iraunkorra lortzeko euskal herritar guztiak direla beharrezko, eta, ondorioz, gatazkaren konponbiderako prozesuan ezin dela inoren aurka aritzeko akordiorik egin.

Eraikuntza

Baina gatazka konpontzeko zimenduak jartzeaz gain, "eraikuntzarako estrategia nazionala sendotzea eta aurreratzea" izango da Batasunak hurrengo hilabeteetan bere gain hartuko duen beste erronka handia. IIdo horretatik, gatazkaren konponbiderako sektore guztien parte-hartzea ezinbesteko ikusten duten bezala, eraikuntzarako estrategian "Euskal Herria subjektu gisa onartzen duten sektoreak" daudela interesatuta adierazi du Otegik, eta sektore horiekin bat datozela nazio eraikuntza ezin dela soilik instituzioetatik eta makropolikatik egin irizten. Aitzitik, bide hori erakunde politiko, herritar eta sindikalen elkarlanetik jorratu behar dela esan du Batasuneko bozeramaileak, eta indar horiekin guztiekin egin nahi dutela eguneroko lana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.