Aurkikuntza berria

Praileaitzen sarrera berri bat aurkitu dute

Ekainaren hasieran hasi zuten indusketen hirugarren kanpaina, eta  bi hilabeteko lanaren ostean ikerlarien hipotesia frogatu da: Praileaitzek badu beste sarrera bat.

Indusketa lanak Praileaitzen, orain arte ezagutzen zen sarrera bakarrean. JON URBE / ARGAZKI PRESS
2014ko uztailaren 30a
13:54
Entzun

Deba inguruko mendi magaletan dagoen Praileaitz kobazuloetan aurkikuntza garrantzitsu bat egin dutela jakinarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta horren berri emateko agerraldia egin dute gaur. Bertan argitu dute aurkikuntza ez zela materiala, baina ez horregatik garrantzi gutxiagokoa: kobazuloak, orain arte ezaguna zenaz gain, beste sarrera bat baduela. Aurkikuntza honekin, ikerlariek zituzten susmoak baieztatu dira.

Xabier Peñalver arkeologoak eta indusketako zuzendari ere badenak adierazi du, aurkitutakoa kobazuloaren sarrera nagusia izango zela ziurrenik. Azaldu du aurkikuntza barrutik kanporakoa izan dela; orain arte aztertutako galerietako batean zulo bat aurkitu zuten ekainaren 11n, eta hori zabalduta orain arte ezagutzen ez zituzten galeria gehiago agertu zitzaizkien. Honek baieztatu zuen estalitako galeriak bazeudela, Peñalverrek zuzendutako taldeak aurreikusi zuen moduan. Galeria horietako batetik aurrera eginda, beste zulo txiki bat aurkitu zuten, nondik kanpoaldeko landaretza ikusten baitzen.

Mendi magalean sarreraren kokaleku zehatza topatu ostean, zuloa zabaltzeari ekin diote eta Peñalver pozik agertu da, aurkikuntza berriak egiteko "aukera berriak zabaltzen" zaizkielako orain. Indusketaren zuzendariak esan duenez, espero dute barrualdean bi metroko aztarnategi berri bat topatzea neandertalgo gizakiaren garaiko aztarnaz josia.

Gogorarazi du, 2009an indusketa lanak etetea erabaki zenean ohartarazi zutela galeria gehiago egon zitezkeela, eta inguruko harrobia ustiatzen jarraitzeak arrisku bizian jartzen zuela aztanategia. 2012an ikerketarekin berriz hasi zirenean aurkikuntza berriak egin zituzten eta 2013a bitartean egindako aurkikuntzek hipotesia areagotu zuten: ordura arte ezagutzen zen sarrera bakarra ez zela sarrera nagusia, eta estalitako beste sarrera bat egon behar zuela.

Babesa indartu nahian

Ikerne Badiola, Kultura, Gazteria eta Kiroleko ahaldunak esan du oso garrantzitsua dela aurkikuntza berria. Aurkikuntza berrietarako aukera handia zabaltzen dela eta, ohartarazi du "datorren urteko aurrekontuetan partida handiagoa" aurreikusiko dutela, "indusketa lanak luzatu eta indartzeko".

Martin Garitano Ahaldun Nagusiaren irtziz, "argi geratu da Praileaitzek duen garrantzia"; eta azpimarratu du "derrigorrezkoa" dela aztarnategiaren inguruko babesa handitzea indusketa lanekin jarraitu ahal izateko. Eusko Jaurlaritzari dei egin dio, babes eremua gaur egungo 50 metroetatik 100 metrora zabaltzeko. Salatu du, gainera, orain arteko babes eremua mantentzearen truke Gipuzkoako Foru Ahaldundiak kalte ordaina ordaindu diola harrobia ustiatzen duen enpresari. Zalantzan jarri du hori agintzen duen epaia, bere iritziz "ez duelako kontuan hartu ikuspegi kulturala", eta eremu hori berez Kosta Legeak babesten duelako.

Gainontzeko erakundeei ohartarazi die "badela garaia gaia sakon aztertzeko", eta neuriak hartu behar direla "betiere ondarean babesa lehenetsiz".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.