GIZARTEA

"Prebarikazioa" leporatu dio Araba Garoñarik Gabe plataformak Madrili

Alberto Frias bozeramaileak uste du "botere politikoak botere ekonomikoari men" egin diola, eta kritika egin die alderdi politikoei, zentrala ixteko eskatzen dutelako baina, aldi berean, haren jabeetako bat den Iberdrolarekin "harreman estua" dutelako.

2013ko maiatzaren 25a
20:13
Entzun

400 pertsona inguru elkartu dira gaur eguerdian Gasteizen, Arabako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean, CSNk Santa Maria de Garoñako (Espainia) zentral nuklearraren inguruan hartutako erabakia kritikatzeko. Besteak beste, elkarretaratzean izan dira Ramiro Gonzalez Arabako Biltzar Nagusietako EAJko bozeramailea, Belen Arrondo EH Bilduko legebiltzarkidea eta Patxi Lazkoz Gasteizko Udaleko PSEko eleduna.

Zentral nuklearraren ustiapen baimena 2014ko uztailaren 6ra arte luzatzeari oniritzia eman dio CSN Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak. PPren eta CIUren botoei esker luzatu dute ustiapen baimena.

"Prebarikatzea" egotzi dio Alberto Frias Araba Garoñarik Gabe plataformako bozeramaileak Espainiako Gobernuari, iritzita "erabaki bidegabeak" hartzen ari dela "bidegabeak direla jakitun". Friasen esanetan, "antzerkia egiten" aritu da CSN.

Arabako gizartea erabakiaren aurka dagoela ohartarazi du Friasek, eta neurri mozioak onartzeaz gain —gogorarazi du 52 mozio onartu direla Biltzar Nagusietan zentrala ixtearen alde—, neurri "eraginkorrak" hartzeko eskatu die alderdiei. Horren harira, kritikatu du hainbat alderdik duten jarrera; zentrala ixteko eskatu dute, baina haren jabeetako bat den Iberdrolarekin "harreman estua" dutela esan du Friasek.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.