Prefetaren deliberoa auzitara eramanen dute herri elkargoek

AHTaren balizko ibilbidean ikerketak egin ahal izateko, hamar urtez 40.000 hektarea lur «izozteko» eskatu die prefetak

Aitor Renteria.
Baiona
2010eko abenduaren 3a
00:00
Entzun
AHTaren xedea gelditzeko asmoz, prefetaren deliberoak auzitara eramatea erabaki dute Errobi, Hego Lapurdi eta Errobi-Aturri herri elkargoek. Prefetak bi delibero hartu zituen urriaren 27an. Lehen erabakiak AHTaren balizko ibilbidean, mila metroko zabaleran, zundaketa lanak egiteko baimena ematen zuen. Bigarren deliberoaren bidez, kilometro eta erdiko zabaleran lurraren eta ondasunen salmenta guztiak hamar urtez «izozteko» agindua eman zien auzapezei. Horrela, lau mila hektarearen eremua izozturik dago.

Hiru herri elkargoek indarrak bildu eta erabakia auzitara eramatea ebatzi dute. Herri elkargoek eskumen zuzenik ez dutenez afera horretan, herri batek ezarriko du salaketa, ibilbideak hunkitzen dituen hamabost herrien izenean. Herri elkargoek sostengua emanen diote, osatu berri duten batzorde juridikoaren bidez. Alain Iriart kontseilari nagusia eta Hiriburuko auzapeza da batzorde horretako presidentea, eta berak aurkeztuko du salaketa, Hiriburuko auzapez gisa.

Herri lurren erabilpena finkatzea da auzapezen eskumenetariko bat. Prefetak salmenta guztiak izozteko agindu du, interes publikoa duen elkartea eta prozedura abiatu aitzin. Herri elkargoen iritziz, berezkoa duten eskumena kentzen die horrela, Frantziako legeak agintzen duena urratuz.

AHTaren kontrako gizarte eragileek finkatu ildoarekin bat egitea deliberatu dute auzapezek, alegia, AHTaren zundaketa lanak eta prozedura guztiak ahal bezainbat trabatzea eta gibelatzea. Prefetaren lehen deliberoaren aurka jotzerik ez dute herriek oraindik. «Prefetak eman duen delibero horretan lurretan sartzeko baimena eman dio Fundasol enpresari, baina zundaketak egiteko lurra okupatzen badute, tresneria bertan sartzen badute, auzibidea irekiko dugu, ez dutelako lurra okupatzeko agindurik», nabarmendu du Mizel Hiriartek.

Ikerketa independentea

Herri elkargoek ikerketa independentea egiteko eskatu diote Akitaniari, RFFk egindako ikerketetan kopuruak faltsutu direla uste dutelako. Alain Rousset presidenteak ez die erantzun. Hautetsiek uste dute oraingo bideak aski direla 2050. urteko aurreikuspenei buru egiteko. 2006an AHTari buruzko eztabaida publikoa egin zelarik bi milioi tona salgai garraiatzen zituen SNCFk konpainiak. 2020an hogei milioi tona garraiatuko zirela zioen RFFk. Gaur egun, ordea, salgaien garraioa ez da bi milioi tonara heltzen.

Erakunde publiko guztiek bezala, Tours eta Bordele arteko AHT bidea ordaintzeko, zegokien aurrekontua bozkatu zuen Kontseilu Nagusiak. Kopurua apala dela dio RFFk, eta emendatzeko eskatu dio. «Kontseilu Nagusiak emendatzea bozkatzea onartzen badu, aurrekontuen aurka bozkatuko dut», azaldu zuen Alain Iriart kontseilari nagusiak.

Zundaketa lanak egiteko baimena badu ere, Fundasol enpresak ez dio eginkizun horri ekin oraindik. Anartean, CADEkAHTaren aurkako manifestaziora deitu du abenduaren 11rako Baionan. Herri elkargoek ere manifestazio deialdiarekin bat egitea deliberatu dute.

RFFren «zundaketak»

RFFk manaturik IFOP etxeak Akitaniako biztanleen artean AHTari buruzko inkesta bat burutu du. Horren arabera, Akitaniako herritarren %89 AHTaren aldekoa da. CADEk iritzien manipulazioa salatu du, jendeek ez dutelako bereizten. Inkestari ihardetsi dioten herritarren %49k ez zekien zer den GPSO, AHT berria egiteko ardura duen egitura, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.