Prentsa idatzian teknologia, osasuna, informatika eta ingurumena dira nagusi, zientziari lotutako gaien artean. Hala ondorioztatu du Elhuyar Fundazioak, Euskal Herriko 11 kazetatan lau hilabetetan argitaratutako albisteak aztertu ostean. Orotara, aurtengo urtarrilaren lehenetik apirilaren bukaerara kaleratutako 6.448 testu aztertu ditu Fundazioak, Zientzia, teknologia eta berrikuntza Euskal Herriko eguneroko prentsan ikerketa egiteko.
Elhuyarrek zientziari lotutako gaiei eguneroko prentsan emandako trataera aztertzen duen bosgarren ikerlana da atzo aurkeztutakoa. Bego Zubia lanaren arduradunak azaldu zuenez, aurten lehen aldiz Euskal Herri osoan kaleratzen diren kazeten testuak aztertu dituzte: BERRIA, Deia, Diario de Navarra, Diario de Noticias, Diario de Noticias de Alava, El Correo, El Diario Vasco, Gara, Noticias de Gipuzkoa, Le Journal du Pays Basque eta Sud Ouest egunkariek argitaratutakoak, alegia.
Orotara, zientzia arloko gaiei aipamena egiten dieten 6.448 testu aztertu dituzte. Horien artean, teknologiari buruzkoak izan dira nagusi (1.347 albiste). Horien atzetik, osasuna, informatika eta ingurumena jorratu dira gehien. Albisteen luzera, orrialdean duen lekua, orrialdearen zenbakia eta bestelako aldagaiak aztertu ostean, testu gehienak garrantzi gutxikoak izan direla ondorioztatu dute. Generoari dagokionez, berriz, informazio hutsezkoak izan dira testuen erdiak baino gehiago, eta %21,96, berriz, elkarrizketak.
Kultura eta ikuskizunen orrialdeetan kaleratu dira zientziari lotutako testuen erdiak, eta heren bat politika eta gizarteko sailetan. Informazioaren iturriari dagokionez, hamar testutik seitaniturri ofizialak erabili dira. Iturri horien erdiak Euskal Herrikoak izan dira, eta %47an, berriz, nazioartekoak. Azterketaren beste ondorio bat izan da albiste gehienek ikuspegi «positiboa» izan dutela, alde handiarekin gainera (%71).
Aztertutako testuen %10 baino ez ziren euskaraz argitaratu; %82 gaztelaniaz idatzitakoak ziren, eta %12 frantsesez idatzitakoak.
Mintegia hilaren 14an
Azterketaren emaitzak sakonago hilaren 14rako antolatutako mintegi batean aztertuko dituztela jakinarazi zuen atzo Itziar Nogeras Elhuyarreko zuzendariak. Halaber, ikerketa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren laguntzarekin egin dutela nabarmendu zuen Nogerasek. Hain zuzen, halako lanen garrantzia nabarmendu zuen Hezkuntza Saileko Zientzia Politikako zuzendari Alberto Ansuategik atzoko agerraldian, baita zientzia gaiak herritarrenganatzeko lanean komunikabideek duten zeregina ere.
Prentsan teknologia eta osasuna nagusi dira zientzia gaietan
Euskal Herri osoko 11 kazetak lau hilabetez zientziari buruz argitara emandako 6.448 testu aztertu ditu Elhuyarrek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu