Italiako Susako haranean abiadura handiko trenaren proiektua geratzea lortu dute. Herri presioaren ondorioz izan da. Hala dio Hilario Manzanedo AHTren Aurkako Asanbladako kideak. Egunotan Euskal Herrian dabiltza Susako haranean AHTren aurkako taldeetan parte hartzen duten bi ordezkari euren borrokaren eta mugimenduaren berri ematen. Manzanedo haiekin dabil.
Susako haranetik Lyon (Frantzia) eta Turin (Italia) lotu nahi dituen abiadura handiko trena pasatzen da. Susako haranak Turinekin egiten du muga, eta bailara horretan 60.000 biztanle bizi dira. Dagoeneko, garraio azpiegitura ugari duela dio Manzanedok, merkantzia ugari garraiatzen baita. Egunero errepidean 4.000 kamioi ibiltzen dira, eta 140 tren. Italiako Gobernuak 90eko hamarkadan adierazi zuen AHTko linea egiteko asmoa. Ia ibilbide osoa lurpean egingo du. Frantzia eta Italia 54 kilometroko tunel batek lotuko ditu.
ESPETXEAN BI HILDAKO. Ekologistak proiektuaren aurka mobilizatu ziren hasiera-hasieratik. Urte hauetan guztietan borroka latzak izan dituzte, eta Poliziaren errepresioa askotan oso bortitza izan da. Zundaketekin hasi zirenean, 1998an, sabotaje ekintzak egin zituzten. Hiru ekologista espetxeratu zituzten, «delitu terroristak leporatuta». Urtebetera bi hilda agertu ziren euren ziegetan. «Horrek erakutsi zuen nolako interes ekonomikoak zeuden proiektuaren atzean. Herritarrak ez ziren beldurtu, eta milaka eta milaka atera ziren kalera heriotzak salatu eta proiektuaren aurka». Urteek aurrera egin ahala, bailara osoaren borroka bihurtu da. Alderdi gehienak daude aurka, baita proiektua bultzatu zutenak ere.
Herritarrek «erresistentzia» erakutsi dute. Lanak hasi behar zituzten guneetan, 24 orduz ehunka herritar elkartu ziren lanak oztopatzeko. 2.000 pertsona elkartu izan dira. «Egun, proiektua geldirik dago. Herri presioak lortu du».
«Presioak gelditu du AHT Italian»
Borroka gogorrak izan dira Italiako Susako haranean AHTren aurka, handik pasatzen baita Lyon eta Turin lotu nahi dituen sarea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu