Bizikidetza

Presioei men eginda, atzera

Arantza Quiroga EAEko PPren idazkari nagusiak atzera bota du bake eta elkarbizitza lantaldea osatzearen proposamena, argudiatuta EH Bilduk "bere garaipen gisa" hartu duela. Lantaldea sustatzeko asmoa azaldu zuenetik, Espainiako alderdikide ugariren eta biktimen zenbait elkarteren aldetik kritikak jasan ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPko arduradunak.

Borja Senper, Nerea Llanos, Arantza Quiroga eta Anton Damborenea PPko legebiltzarkideak gaur, Eusko Legebiltzarrean. JOSé RAMóN GóMEZ, EFE
Berria
2015eko urriaren 7a
07:18
Entzun

Atzera egin du EAEko PPk. Askatasunerako eta Bizikidetzarako lantalde bat sortzea proposatu zuen atzo, baina hurrengo egunerako baztertu dute asmoa. "Gehien axola didana da EH Bilduk hau bere garaipen gisa planteatzea", azaldu du PPko idazkari nagusi Arantza Quirogak Eusko Legebiltzarrean. "Proposamen honen izaera noblea da. EH Bilduk egindako erabilera alderdikoia, garaipen gisa hartzea, injustua da".

PPk egindako proposamena "abiapuntu egokitzat" jo zuen atzo EH Bilduko legebiltzarkide Julen Arzuagak, baina Quirogak mozioaren izaera "manipulatzea" egotzi dio koalizioari. PPk gaitzespen hitza albo batera utzi eta indarkeria arbuiatzea proposatu du testuan. Hiru puntu zituen mozioak: "terrorismoaren deslegitimazioa", "egia, justizia eta biktimen erreparazioa" oinarri hartuta; talde guztiei eskatzea onar dezatela giza eskubideen errespetua eta indarkeriaren arbuioa, eta helburu gisa jartzea indarkeriaren aurkako eta memoriaren aldeko "diskurtso argia" sustatzea.

"Mozio honen espiritua iritsiko da. Modu egokian, bere garaia izango du. Baina hau ez da garaia", esan du gaur Quirogak.

Zuzentzeko eskaerak goizean goizetik

Proposamenaren harira eta Quirogaren agerraldiaren aurretik, Alfonso Alonso Espainiako Osasun ministroak eta Arabako PPren presidenteak ohartarazi du "nahasmena" eragin dezakeela gaitzespen hitza alboratzeak. Haren esanetan, "argi eta garbi" eskatu behar da ETAren gaitzespena. 

Ildo beretik mintzatu da AVT elkartea. Gogor kritikatu ditu EAEko PPk atzo aurkezturiko proposamenaren nondik norakoak, eta atzera egin dezan eskatu dio Quirogari, hark agerraldia egin aitzin. Proposamena zuzendu ezean, PPren presidentea kargugabetzea galdegin dio PPri. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.