Horrekin batera, auzibiderik ez duten edota torturen bidez lorturiko akusazioetan soilik oinarritutako auziak dituzten iheslarien itzulera erraztea galdegin die instituzioei. Eta horrekin loturik, iheslarien egoera juridikoari buruzko informazioa haien abokatuei erraztea eskatu dio Espainiako Auzitegi Nazionalari.
Deportatuen kasuan, Foro Sozialak uste du “irtenbide juridiko bat artikulatu” behar dela haiek ere Euskal Herrira itzultzeko aukera izan dezaten.
Preso eta iheslari ohientzat, berriz, ezinbestekoa deritzo haien “eskubide berdintasuna bermatzea”, lan eta osasun arlokoak, eta eskubide zibil eta politikoak ere bai.
Foro Sozial Iraunkorrak irizpide horiek eta beste batzuk proposatu ditu. Bere nahia da adostasun “transbertsal” bat lortzea “maila sozial, politiko eta instituzionalean” eta kolektibo horren parte hartzearekin. Gaiarekin “zerikusia” duten eragileentzako “jarduera gida” moduko bat izan nahi dute proposamenek.
Urtarrilaren 26an eta 27an Irunen (Gipuzkoa) eginiko IV. Foro Sozialetik aterako ondorioak dira, eta nabarmendu dutenez, “nazioarteko irizpideak” izan dituzte oinarri. Donostiako Aquarium-ean eginiko ekitaldi batean aurkeztu dituzte. Iheslariei buruzkoak Teresa Todak eta Aitzpea Leizaolak, eta preso eta iheslari ohiei buruzkoak Agus Hernanek eta Nekane Alzelaik. Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako presidenteak ere parte hartu du ekitaldian.
Foro Sozialak aitortu du neurri horietako batzuk aurrera eramateko ez dela aski egungo legedia eta ezinbestekoa dela justizia trantsizionalaren irizpideak aintzat hartzea. Prozesua, dena den, modu “mailakatu eta ordenatuan” egin daitekeela azpimarratu du.
Legedi arruntean oinarrituta, adibidez, uste du jada soluziobidean jar daitezkeela adin handiko edota gaixo dauden iheslari eta deportatuen kasuak. Marko horretatik kanpo, “akusazio eta egoera pertsonalen arabera”, bestelako neurri batzuk azter daitezkeela dio: kartzelaren ordezko zigorrak, kaleratze goiztiarrak edo espetxealdi arinduak.
Ardura nazionala
Leizaolak bere hitzartzean azaldu duenez, azken 60 urteotan euskal herritar ugarik ihes egin dute “motibazio politikoko delituak” leporatuko zizkieten beldurrez edota atxilotuak eta torturatuak izatearen beldurrez. Azpimarratu du, halaber, orain gutxira arte Espainiako auzitegiek ontzat jotzen zituztela soilik “autoinkulpazioak edota heteroinkulpazioak” froga gisa aurkeztutako akusazioak. Horrekin batera, gogoratu du iheslarien kolektiboak “espezifikotasun” batzuk dituela: adin handiko pertsonez osatua dagoela eta eta haietako asko gaixo daudela.
Preso eta iheslari ohien kasuan, Alzelaik adierazi du NBE Nazio Batuen Erakundeak hainbat irizpide eman dituela DDR fasean —armagabetze, desmobilizazio eta gizarteratze fasean— dauden gatazkentzako. Azaldu duenez, eta irizpide horien arabera, preso eta iheslari ohien gizarteratzea erraztea “ardura nazional bat” izan beharko litzateke. Haiek pairatzen dituzten oztopoak aztertu beharko lirateke lehenik, esku-hartze instituzional eta sozialak aztertu, eta horietan oinarrituta “elkarlanerako marko bat” sortu eta planak diseinatu. Alzelaik adierazi duenez, eragile ugarik parte hartu beharko lukete hor —publikoak, pribatuak etabar—. Helburua litzateke pertsona horien eskubideak bermatzea: ekonomikoak, osasun arlokoak, eta zibil eta politikoak.
“Xedea ezin da inola ere izan klaudikazioa, despolitizazioa, demonizazioa, marjinazioa, sobornoa, subordinazioa edo, batez ere, umiliazioa”, azpimarratu du Alzelaik NBEren gomendioak gogoan.