«Pilota Europaren teilatuan ere badago». Horixe adierazi dute Pilotariak kolektiboko kideek, Europako Giza Eskubideen Auzitegiari gomazko 613 pilota botata. Egun espetxeetan dagoen euskal preso adina pilota bota dituzte, zestaz eta palaz, hamaika pilotarik. Bitartean, trikitilari eta pandero jotzaile bana ere entzun zitezkeen, Kalera, kalera doinu ezaguna joaz. Euskal presoei ezartzen zaien «salbuespenezko espetxe politika» salatu nahi izan dute, eta Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak horretan duen egitekoa nabarmendu. Bereziki, Josu Uribetxebarriaren kasua salatu du Pilotariak kolektiboak.
Pilota mugitu eta Etxera lelodun kamiseta urdinak zeramatzaten pilotariek, baita preso eta iheslarien etxeratzea aldarrikatzeko zapia eta ikurrin bat ere. Pilota guztiak jaurti eta gero, eskailerak igo eta Estrasburgoko Auzitegiaren atera joan ziren ekintzaileak, eta arduradun bati hainbat pilota eman zizkioten. Ateak Ireki Interneteko atariak eman zuen atzo goizean Estrasburgon (Frantzia) egindako ekintzaren berri. Sare sozialetan adierazi zutenez, poliziaren hainbat furgoneta ere hurbildu zitzaizkien ekintzaileei, baina ez zuten arazorik izan azkenean.Euren asmoa beteta, etxerako bidea hartu zuen berriz ere pilotari taldeak.
Joan den ekainean, Mimoak kolektiboa ere sortu zuten, eta ekintza ikusgarria egin zuten haiek ere. Orduko hartan, Madrilgo Moncloa jauregian, Espainiako presidentearen egoitzan. Apirilean, Euskal Pilota manifestua sinatu zuen hainbat kirolarik, espetxe politika aldatzeko eskatzeko: «Pilota gobernuen teilatuan dago», esan zuten orduan. Orain, «Europaren teilatura» eraman dute pilota, aldarrikapen berarekin: Pilota mugitu!
Euskal presoak
Preso adina pilota, Estrasburgoko Auzitegira
Pilotariak kolektiboak 613 pilota bota ditu Europako Auzitegira, «salbuespen neurrien» amaiera eskatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu