Iruñean PPk duen egoitzan protesta ekintza bat egin zuten sei lagunek atzo, Josu Uribetxebarria eta gaixotasun larriren bat duten gainontzeko presoak aska ditzaten eskatzeko. Preso egondakoak dira guztiak, eta 11:30ak aldera hasi zuten protesta. Hiru ordu laurden inguru bertan egon ondoren, atxilotuta eraman zituen Espainiako Poliziak. Protestak iraun zuen bitartean, «Iosu askatu!» leloa zuten kartelak izan zituzten batzuek esku artean; besteek, berriz, «Gaixotasun larriak dituzten presoak, kalera!» zioen pankarta.
Iruñeko Karlos III.a kalean dago PPren egoitza, eta hainbat herritar hurbildu zen ekintzan parte hartu zutenei babesa agertzera. Poliziak identifikatu ere egin zituen batzuk, eta, ondoren, bertatik alde egitera behartu zituen babesa agertzera hurbildutakoak.
Suhiltzaileen laguntzarekin PPren egoitzatik jatsiarazi ondoren, Poliziak atxilotuta eraman zituen sei preso ohiak. 17:30ak alderako ordea, aske utzi zituzten guztiak. «Desordena publikoa» sortzea egotzi diete guztiei. Nafarroako PPko idazkari nagusi Eloy Villanuevak salatu du ekintzak «ohiko martxan lanean jarraitzea» eragotzi ziela.
Preso bat, erietxean
Kalean ez ezik, 550 preso ere ari dira protestan Frantziako zein Espainiako 66 espetxetan. Etxerat elkarteak azaldu duenez, gose greba mugagabean daude gehienak. Gose grebari ekin ez diotenak bestelako ekintza batzuk egiten ari dira. Gainera, Gonzalo Rodriguez presoa Ciudad Realgo (Espainia) erietxe batean da joan den larunbatetik. Abuztuaren 12tik gose greban da Ezkio-Itsasoko preso hori. Ostiralean espetxeko erizaindegira joan zen, eta larunbatean eraman zuten erietxera, gose grebaren ondorioz gibela handituta zeukalako.
Preso egondako seik protesta egin dute PPren Iruñeko egoitzara igota
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu