EHUren Donostiako campusean aurkeztu dute ekinbide berria dozenaka gaztek. Aitor Andak azaldu duenez, "ezinbestekoa" da Ernaiko kideen ustez "altxatu eta borrokari ekitea", egoera politikoa eta euskal preso eta iheslariena aintzat hartuta: "Espainiako eta Frantziako estatuek konponbidea oztopatzen jarraitzen dute".
Andaren hitzetan, "herriz herri garatzeko tresna" izango da ekinbide berria, eta hainbat formatu barnebilduko ditu. "Kaleak praktikaz bete nahi ditugu". Horretarako, presoen borrokak eta iheslarien egoera kalean ezagutaraziko dituztela iragarri dute, eta gazteria "konpromiso txikiak" hartzera bultzatuko dutela: "Senideei bidaietan lagunduz, gutunak idatziz eta bisitak egitera animatuz...". Orain, herriz herri tresna hori baliatzeko ordua dela esan dute: "Guztion artean, tantaz tanta, preso eta iheslariak etxera ekarriko ditugu".