Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten 14 euskal presoak aske uztearen aldeko martxara deitu dute hamalau gizarte eragile ezagunek. Preso gaixoak "berehala" askatzea galdegin dute, "legez eta eskubidez" aske behar dutela nabarmendu. Asteazkenean abiatuko da martxa, 11:00etan, Donostiako Ospitaletik. Bertan ospitaleratuta dago Josu Uribetxebarria presoa hilaren hasieratik.
Ibilaldiak lau etapa izango ditu Gipuzkoako herrietan barrena: Donostiako Ospitaletik Zarautzera, Zarauztik Debara, Debatik Soraluzera eta Soraluzetik Arrasatera. Deialdia egin duten eragileen artean daude Naroa Iturri, Txaro Arteaga, Nekane Altzelai, Joan Mari Irigoien, Inaxio Kortabarria, Pello Iraizoz, Andoni Egaña, Martxelo Otamendi eta Josu Juaristi, besteak beste.