Milaka lagunek eskatu dute gaur gaixo dauden euskal presoak askatzeko. Herrira mugimenduak deitu zuen manifestaziora, eta harekin bat egin zuten ordezkari politiko asko ikusi ahal izan dira manifestarien artean. Manifestazioan iheslarien itzuleraren eta amnistiaren aldeko oihuak ere entzun dira.
Presoen senideek eraman dute eskuetan pankarta: Gaixotasun larriak dituzten presoak herrira leloarekin. Kezka agertu dute senideek presoen egoeragatik. Hamalau dira gaixotasun larriak dituzten presoak, eta Kontxi Gonzalezek horien izenean esan du larrituta daudela.
"Gaixotasun psikologikoak, bihotz arazo larriak edo monbizia duten pertsonak kartzeletan mantentzea ez da onargarria, eta ezta justua ere. Egoera krudela eta ankerra da", esan du Gonzalezek.
Luzea izan da Iruñean izandako ordezkari politikoen zerrenda: tartean izan dira Amaiur koalizioko Xabier Mikel Errekondo eta Sabino Cuadra, ezker abertzaleko Pernando Barrena eta Txelui Moreno, Eusko Alkartasunako Maiorga Ramirez eta Koldo Amezketa, Aralarreko Asun Fernandez de Garaialde, Aritz Romeo eta Xabier Lasa eta Bilduko Bakartxo Ruiz.