euskal presoak

Preso gaixoen alde goizean abiatutako katea Donostiako Ospitalera iritsi da

Auzitegi Nazionalak debekatu ostean, deitzaileek txandakako martxa osatu dute Donostiatik barrena. Ibilbidea Paulo Agirrebaltzategik hasi du, eta abiatu berritan Ertzaintzak gelditu egin du, identifikatzeko. Martxaren buruak aulki bat eraman du ibilbidean zehar, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren sinbolo, eta hura eskuz eskuz pasa dute. Ibilbidean zehar, hainbat pertsona ezagunek hartu dute lekukoa. Larunbaterako, manifestaziora deitu dute, Donostian (17:30). Bideoa: Katea Donostiako Ospitalera iristen. [YouTube]http://youtu.be/4Ru0k0PVdas[/YouTube] 

2012ko abuztuaren 29a
19:56
Entzun

Larriki gaixo dauden hamalau presoen alde gaur goizean sorturiko katea iritsi da Donostiako Ospitalera. Horrenbestez, amaitua du gaur goizean hasitako martxa.

Gaixo dauden 14 presoak etxera lelopean deitutako martxa zegoen deituta gaurko 11:00etarako, baina Auzitegi Nazionalak debekatu egin zuen bart, AVT Terrorismoaren Biktimen Elkartearen eskaria aintzat hartuta. Haren ordez, sortu dute katea. Egun guztian zehar martxaren buruan zenak aulki bat eraman du Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren sinbolo. Aulki hori eskuz-esku ibili dute, errelebatzen.

Hainbat tokitan izan dira; Espainiako Gobernuak Donostian duen ordezkaritzan izan da martxa arratsaldeko seiak aldean. Giza eskubideen inguruko aldarria entregatu dute bertan. Aurrez, hamalau preso gaixoak irudikatzen dituzten aulkietako bat utzi dute Aieteko Bakearen eta Giza Eskubideen Etxean. 

13:00 inguruan, udaletxera iritsi da mobilizazioa, txalo artean, eta bertan Juan Karlos Izagirre alkateak eta beste hainbat udal ordezkarik egin diote harrera. Izagirrek bat egin du gaixotasun larria daukaten 14 euskal presoak aske uztearen aldarrikapenarekin. Donostiako alkateak gaineratu du ez duela ulertzen martxa debekatzea. Era berean, protesta horretan parte hartzera animatu ditu herritarrak. 

Auzitegi Nazionalaren debekua

Espainiako Auzitegi Nazionalak preso gaixoak aske uzteko gaur goizean Donostiako Ospitaletik ateratzekoa zen martxa debekatu ostean, zer egin erabakitzeko bildu dira deitzaileak, eta Donostian barrena txandakako ibilaldia osatzea adostu dute, nahiz eta hasieran Arrasatera arteko katea iragarri.

Paulo Agirrebaltzategik hasi du bidea, 12:00etan. Abiatu berritan, Ertzaintzak gelditu egin du, identifikatzeko. Arrasaterako martxaren ibilbidearekin bat egiten ez bazuen ez ziotela oztoporik jarriko adierazi diote ertzainek Agirrebaltzategiri. 14:30ean, Martxel Toledok (ESAIT) hartu du lekukoa, eta Aieteranzko bidea hasi du oinezko martxak. 

Agirrebaltzategi aulki bat eskuetan atera da Donostiako Ospitaletik, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren ikur, eta, eskuz eskuz, ibilbide osoa betetzea zen asmoa. Buruaren atzetik 14 pertsonako taldeak atera dira, bidean zehar txandak osatzeko. 

"Astakeria politikoa eta juridikoa"

Andoni Egañak hitz egin du martxa antolatu dutenen izenean. Euskal preso gaixoei dagokienez, legea betetzeko eskatu du, eta martxaren debekua salatu: "Debekua astakeria politikoa eta eskandalu juridikoa da". Larunbatean, manifestazio nazionala deitu dute Donostian. Antiguako tuneletik abiatuko da, 17:30ean. Euskal gizarteari mobilizatzera dei egin dio Egañak. Dena den, egunero 11:00etan eta 19:00etan mobilizazioak egingo dituzte Donostiako ospitalearen inguruan.

Gaixo dauden 14 presoak etxera lelopean deitu zuten martxara, eta gaur 11:00etan zen abiatzekoa. Auzitegi Nazionalak, baina, debekatu egin zuen bart, AVT Terrorismoaren Biktimen Elkartearen eskaria aintzat hartuta. Hamalau pertsona ezagunek egin zuten martxarako deia; tartean ziren Txaro Arteaga, Joan Mari Irigoien, Inaxio Kortabarria, Martxelo Otamendi, Andoni Egaña eta Ramon Labaien. Atzo, luzatu egin zen deialdiarekin bat egin dutenen zerrenda. Haien artean daude Aitor Zuberogoitia Mondragon Unibertsitateko irakaslea, Aritz Lasa pilotaria, Castillo Suarez idazlea, Galder Perez aktorea, Iratxe Ibarra bertsolaria, Jose Mari Pastor kazetari eta EHUko irakaslea, Paco Letamendia parlamentari ohi eta irakaslea eta Rafa Rueda musikaria.

Epailearen bisita ospitalera

Donostiako Ospitaleko medikuen txostenak eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko auzitegi medikuenak eskuan izan arren, presoa nola dagoen bertatik bertara jakin nahi izan zuen Jose Luis Castro epaileak. Ohikoa ez den arren, presoarekin berarekin eta hura artatzen ari diren medikuekin hitz egiteko, Donostian izan zen atzo

Legea aplikatzea besterik ez da falta. Espetxe Zaintzako epaileak Espainiako Zigor Kodearen 92. artikulua aplikatzea erabakitzen badu, Josu Uribetxebarria presoa aske utzi beharko du. Baldintza guztiak betetzen dira. Eta horixe bera esan zion presoak berak epaileari atzo. Epaileak aste honetan emango du erabakiaren berri, bihar edo etzi; gaur, ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.