Euskal presoak

Preso ohiek diote Espainiako Gobernuak "gatazka luzatu" egiten duela espetxe politikarekin

Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroa kritikatu dute, "presoen artean zatiketa" sustatu nahi duelakoan. 60 bat preso ohik agerraldia egin dute gaur, Usurbilen.

2008ko abenduaren 13a
16:58
Entzun
60 bat preso ohik Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroari "presoen artean zatiketa" sustatzea egotzi diote gaur. Honek aste honetan aitortu du ETAren aurkako borrokan presoak baliatzen dituztela eta, hala, borroka armatutik "aldendu" diren dozena bat pasa preso Euskal Herriko espetxeetara gerturatu dituzte. Ministroaren jarrera kritikatu dute preso ohiek eta adierazi dute Espainiako Gobernuak gaurko espetxe politikarekin "gatazka luzatu eta iraunarazi" egiten duela.

Hala ere, haien ustez, "herritarren elkartasuna eta presoen duintasunagatik" espetxe politikak porrot egin du.Joxean Agirrek eta Begoña Sagarzazuk hartu du hitza preso ohien izenean, Usurbilen (Gipuzkoa) egindako agerraldian.

Gatazkari irtenbidea eman ahal izateko, "elkarrizketa politikoa" gauzatzearen alde azaldu dira, eta beharrezkoa iruditzen zaie presoen izaera politikoa onartu eta presoak zein iheslariak etxeratzea.

Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren arabera, gaur egun Euskal Preso Politikoen Kolektiboan (EPPK) 761 lagun daude. "Azken hamarkadetan inoiz egon den kopuru handiena da". Ia guztiak Euskal Herritik kanpo daude.

Urtarrilaren 3an euskal presoen eskubideen defentsan manifestazio nazionala egingo dute Bilbon, Etxerat elkarteak antolatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.