EUSKAL HERRIA

Preso politikoen nazioarteko egunean, preso sahararrei sostengua adieraziko diete

Apirilaren 17an preso politikoen nazioarteko eguna izango da. Askapenak urteak daramatza egun horren barneko lanketa egiten, eta, aurten, Saharako preso politikoen gaiari lotuko zaio.

2013ko apirilaren 4a
21:34
Entzun

Preso politikoen nazioarteko eguna, Mahmud Baker Hijazi, preso palestinarra 1974an askatu zutenaren eguna hautatu zen munduko gainerateko borroketan preso hilak oroitu eta babesteko. Askapenak, urteak daramatza egun horren baitako lanketa burutzen.

Azken urteetan ekimen ugari burutu dira egun horren inguruan. Besteak beste, posta bidezko kanpainak egin izan ditu. 2011ko presoen nazioarteko egunean, Kolonbiako preso politikoei ehundaka posta bidali zizkioten eta kasu batzuetan erantzunak ere jaso zituzten.

Iaz, maputxeen kolektiboari idaztea deliberatu zuen Askapenak eta aurten aldiz Saharako preso politikoei.

Sahara herria

Saharako lurralde okupatuetako biztanleek etengabeko giza eskubideen urraketa, eskubide sozial eta politikoen ukazio sistematikoa jasaten dutela salatu du Askapenak: "Nazioarteko erakundeek, AEB, EB, Frantziar eta Espainiar estatuen konplizitatearekin, Saharak bizi duen gatazkari irtenbide justu bat eman beharrean, deskolonizazio prozesua gauzatu eta erreferendum baten bidez sahararrek euren etorkizuna erabakitzeko eskubidea ahalbidetu beharrean, herri zapaldu eta zatitu horri, zauriak areagotu eta lehengoak sakondu baino ez dituela egiten".

Mendebaldeko Saharan, azken 37 urteetan, 28.000 lagun inguru atxilotuak izan dira, tartean adin txikiko asko. Torturatuak eta inkomunikatuak izan dira. Oraindik ere, 500 lagunetik gora kartzela sekretuetan sakabanatuak dira, senitartekoak bere egoera nolakoa den jakin gabe.

Egun, 70 preso politiko inguru dira Marokoko kartzeletan eta Aaiungo kartzela "beltzetan". Egoera horri aurre egiteko, gazteek bultzaturiko mobilizazioak ugaritzen doaz. Modu horretan hasi ziren 2005ean intifada baketsuak edota 2010eko Gdeim Izik-eko duintasunaren akanpalekua.

Saharako preso gehienak euren etxeetatik urrun sakabanatuak dira egoera oso larrian Askapenak gogoratu duenez. 2005an, bertako espetxe baten argazki bat ateratzea lortu zuten. 200 pertsonentzat egokitutako kartzela batean 800 pertsona baino gehiago agertzen ziren. Horrez gain, garbitasuna, higiene falta eta tratu txarrak eta bortxaketak jasaiten dituztela ohartarazi du elkarteak.

"Preso politikoak"

Bestalde, Euskal Herrian, presoei "politiko" deitzen diena zigortzea nahi du Jorge Fernandez Diazek, Espainiako Barne ministroak, "terrorismoa goraipatzea" egotzita, Espainiako espetxeetan preso politikorik ez dagoela adieraziz. Pernando Barrena Sortuko bozeramailearen eta Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzailearen kontra egin du oraingoz, baina bide hori irekita utzi nahi du gerorako ere. "Preso politikoez edo heriotza politikoez hitz egiten duena delitua egiten ari daiteke", esan zuen Fernandez Diazek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.