Euskal presoak

Presoak aske geratutakoan haien ondasunak "behatuko" dituen unitatea eratuko du Madrilek

Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroaren esanetan, "euren biktimei dagozkien kalte-ordainen ordainketari izkin ez egitea bermatzea" da unitate horren helburua. Iñaki de Juanari etxebizitza "berehala" bahitzeko eskatu du Fiskaltzak.

2008ko uztailaren 21a
19:15
Entzun
Espainiako Gobernuko Barne ministro Alfredo Perez Rubalcabak gaur jakitera eman du unitate administratibo bat eratuko dutela, "ETAko presoen zigorrak betetzen eta gauzatzen direla behin-behinean behatzeko eta etorkizunean ustekabeak eragozteko". Unitatearen funtzioa euskal presoak aske geratutakoan duten ondasuna "behatzea" izango da, "euren biktimei dagozkien kalte-ordainen ordainketari izkin ez egiteko", Perez Rubalcabak esan duenez.

"[ETAko] Terrorismoaren biktimen elkarteek oso ondo" hartu dute proposamena, Barne ministroaren arabera. Haiekin joan den ostegunean bildu zen.

Une polemikoan dator haren iragarpena. Hain justu, duela egun batzuk Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak Iñaki De Juana Chaos presoaren -abuztuaren 2an da aske geratzekoa- etxebizitza "berehala" bahitzeko eskatu zuen, "biktimekiko duen zorra kitatzeko".

De Juana gose greban da joan den astetik, neurri horiekin haserre. Berak salatu duenez, bere eta bere ingurukoen kontrako "jazarpen etengabea" egiten ari da Espainiako Gobernua. Argudiatu duenez, biktimekiko ez du inolako zorrik, Estatuak dagoeneko ordaindu dielako, horretarako propio eratutako funtsetik. "Izatekotan, zorra Estatuarekin izango nuke", adierazi zuen De Juanak, bere abokatu Alvaro Reizabalen bitartez.

Gainera, aske atera ondoren nahi duen tokian bizitzeko duen eskubideari eraso egiten ari zaiola salatu dute De Juanaren ingurukoek.

Azkoitiko (Gipuzkoa) Kandido Azpiazu preso ohiaren ondarearekin ere antzeko jazarpena gertatzen ari dela salatu dute. Honen kasuan, Auzitegi Nazionalak enkantean jarri zuen haren kristaldegiaren erdia; Madrilen esanetan, horren helburua kristaldegi gainean bizi den biktima bati -ETAren biktima baten alarguna, Pilar Elias- kalte-ordainak ordaintzeko dirua biltzea zen. Azpiazuren emazteak erosi du dendaren beste erdia -beste erdia ere emaztearena da-.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.